2008/01/14
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea (ANV-EAE) urtarrilaren 24an galdekatuko du Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak, terrorismoa goraipatzea egotzita, epaitegitik jakinarazi dutenez.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Beitialarragoitia salatu zuen atzo terrorismoa goraipatzeagatik, eta probidentzia batean hartu du gaur erabaki hori, iturri juridikoen arabera. ANV-EAEren ekitaldi batean Mattin Sarasola eta Igor Portu Arrasaten atxilotutako ETAko ustezko kide bien alde agertu zen alkatea, eta urte biko espetxe-zigorra izan dezake delitu horrek.
Ignacio Gordillo fiskalak jarritako salaketan eskatutakoaren arabera, Pedrazek Poliziaren txosten gehiago eskatu ditu, ekitaldi horretan egon zirenen artean norbait gehiagok delituren bat egin izan zezakeelakoan.
Poliziak Fiskaltzari atzo informatu zionez, ANV-EAEren hautagai zerrendak aurkeztu zituzten ekitaldi horretan, alkateak Portu eta Sarasola omendu ostean, bildutakoek oihuak bota eta txaloka hasi ziren, ETAko ustezko kideen alde.
"Sentitzen duguna adieraztea delitu bihurtu" dutela salatu du Askatasunak
Komunikabideei igorritako ohar batean, Askatasunak salatu du "sentitzen duguna adieraztea delitu bilakatu duen Espainiar estatuaren beste eraso baten aurrean gaudela".
"Bi euskal herritar bortizki torturatuak izan direnean, tortura horiek ikertu eta erantzunkizunak argitu baino, bertsio ofizial baten bidez torturak estali eta torturatuei babesa adierazi dien alkate bat deklaratzera deitu izanak Espainiar demokraziaren kalitate maila erakusten du" salatu du. Hala, aurrerantzean ere "jazarpenak jazarpen, elkartasuna antolatzen eta adierazten jarraituko dugunaren zalantzarik ez dezala inork izan. Ez dute elkartasuna errepresioaren bidez ezabatuko" amaitu du presoen aldeko elkarteak.