2008/01/11
Euskal Herritik milaka kilometrora, New Yorken, bilera esanguratsua izango da gaur, ostirala. Hainbat hilabetez zain izan eta gero, Eusko Ikaskuntzako hainbat ordezkari Wall Street Journal-eko zuzendariordearekin bilduko dira.
Keith Johnson kazetariak Wall Street Journal egunkarian euskarari buruzko artikulu polemiko hori kaleratu zuenetik ugariak izan dira kexak -hizkuntza "atzeratua, nekazal ingurukoa, eta moldatzeko gaitasunik ez duena" dela idatzi zuen- eta egunkariko arduradunekin bildu nahi zuten Eusko Ikaskuntzako ordezkariek.
Kaleratu zen egunetik, oihartzun handia izan zuen testuak euskal komunikabideetan eta hamaika internautek kexa e-mailak bidali zizkioten e-mailez berehala egileari. Kexen bolumena ikusita, erantzun komuna igorri zuen Johnsonek, bere asmoa ez zela "euskara gutxiestea izan" argituz eta "euskal hiztunei nolabaiteko irainen bat" egin bazien, barkamena eskatuz.
Egun horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak kexa gutun bat igorri zuen egunkarira eta egun batzuk beranduago, hainbat esparrutako eta herrialdetako 180 pertsona ezagunek ere antzeko gutuna bidali zuten egunkarira, euren kexa agertuz.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak internet bidez lortutako 17.000 sinadura igorri zizkion Wall Streetako zuzendaritzari, euskal komunitatearen haserrea adieraziz.