EUSKO JAURLARITZA

Bake Hezkuntza Planak indarkeriari zilegitasuna kentzea du helburu

2008/01/04

Joseba Azkarraga Justizia sailburuak zehaztu duenez, ekimena "ez da plan antiterrorista", giza eskubide guztien defentsa egiten baitu. Orain Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko dute, baina litekeena da onartua izatea.
Campos, Azkarraga sailburuak eta Jon Landa GGEEren zuzendaria prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Campos, Azkarraga sailburuak eta Jon Landa GGEEren zuzendaria prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

2008-2009 ikasturtean Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) eskola publiko eta itunpeko guztietan bakean hezteko unitatea emango dute, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu duen Bake eta Giza Eskubideen Hezkuntza Planaren baitan. Planak indarkeriari, terrorismoari batez ere, zilegitasuna kentzea du helburu nagusi.

Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta Jon Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak aurkeztu dute prentsaurrekoan plana (lau urteko iraupena izango du, 2008-2011).

Azaldu dutenez, "helburu" nagusia "terrorismoari zilegitasun oro kentzea da, giza eskubideak urratzen dituen jarduera baita". Dena dela, ekimena "ez da terrorismoaren aurkako hezkuntza plana, bizitzeko eskubidearen defentsa tarteko, ezin ditugulako herritar gisa ditugun eskubideak ahaztu". Hala, giza eskubide guztien defentsa egiten du Planak.

Eskoletan zein eskoletatik kanpo garatzeko 90 jarduera (horietatik 70 Jaurlaritzari dagozkio) baino gehiago ditu jasota Planak.

Izan ere, hezkuntza alorrean ez ezik, kulturan eta administrazioan ere ekimenak egitea aurreikusita du Jaurlaritzaren ekimenak. Besteak beste, EiTBn, Polizia funtzionarioen artean edo Justizia eta espetxe administrazioan bakearen eta giza eskubideen aldeko balioak landuko dira.

Hezkuntza unitatea

Eskoletan burutu beharreko ekimenei dagokienez, datorren ikasturtean EAEko zentro publiko eta itunpeko guztietan bake eta giza eskubideen hezkuntza unitatea martxan egotea espero du Camposek. Ikasgaia Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eskainiko da.

Orain arte hainbat eskoletan egindako saioetan baieztatu denez, indarkeriaren biktimekiko, batez ere ETAren biktimekiko, sentiberatasuna handitzeko balio dute ekimenek, Camposen hitzetan. Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, biktimen testigantzak "bertatik bertara" ezagutu ahalko dituzte eskola-umeek; ez du, ordea, testigantza horiek jasotzeko modua (idatziz, ikus-entzunezkoen bidez edo biktimak eskoletara joanda) zein izango den zehaztu.

Eztabaida orain, Eusko Legebiltzarreko GG.EEn batzordean

Behin aurkeztuta, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera igorriko dute plana, bertan eztabaida dezaten.

Dena dela, Azkarragak berak aitortu duenez, PSEk babesa emango dio egitasmoari, talde honek proposatutako batzuk (besteak beste, "arrazoi politikoak eragindako indarkeria" esamoldea testutik kendu dute) erantsi baitituzte.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta