2007/12/26
2007-2009 urteetarako Osakidetzako lan baldintzak dekretuz onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuekin negoziazioak amaitutzat eman ditu Gasteizko Gobernuak, haien eskerak "onartezinak" direla iritzita.
Azken protestetan parte hartzen ari ez zen Medikuen Sindikatuarekin hitzartutako hobekuntzak kontuan hartu ditu dekretu berriak: lehen arretarako kupoa sendagileko 1.500 TISera jaistea, lehen arreta ematen duten medikuen plantilla 220 lagunetan handitzea eta guardia ordua hobeto ordaintzea, besteak beste.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Osakidetzako maila ertain eta goreneko prestakuntza profesionaleko kategoria ez sanitarioen eta arlo sanitariokoen garapen profesionala.
"Osakidetzako langileek dagokien ebaluaziora aurkezteko eta dagozkien ordainsari osagarriak, 2007ko urtarrilaren 1az gerozko efektuarekin jasotzeko daukaten eskubidea kreditatzeko aukera galdu ez dezaten" hartu du Jaurlaritzak erabakia.
"Dekretu horri esker, ordainsarietan 2007rako batez besteko igoerak %6,34 eta %13,4 bitartekoak izango dira, kategorien arabera, eta bigarren aplikazio fasean %11,63tik %24,58ra heldu ahal izango dira; 40 milioi euroko gastua hain justu", Jaurlaritzak zehaztu duenez.
Bi dekretu hauen onarpenaren ondoren, 2007rako lan baldintzei buruzko negoziazioa amaitzea erabaki du Jaurlaritzak: "Mahai sektorialarekin zortzi bilera egin ondoren, sindikatuek idatzirik aurkezturiko planteamenduak erabat onartezinak dira. Adibide bat ematearren, Osakidetzak aurkezturiko eskaintzak 42 milioi euro gehigarri suposatzen zituen bitartean, sindikatuen plataformek –betiere dirutara itzuliz– ehunka milioi euro gehiago eskatzen zuten" adierazi du Miren Azkarate bozeramaileak.