2007/12/12
Dani Aranzubia zale eta hedabide guztien ahotan dago berriz. Gehienen ustez, akats larria egin zuen Real Madrilek San Mamesen sartu zuen golean. Atezainak ez du asko pentsatu jokaldiaren gainean. “Ez diot buelta asko eman”, adierazi du Lezamako prentsa aretoan.
Bestalde, errioxarrak ez du uste kritika guztien “jomugan” dagoenik. Bide batez, jokalari bakoitzaren errendimendua eta taldearena lotuta doazela gogoratu du. “Presiopean jokatzen ohituak gaude. Norberak merezi duen nota taldeak erakusten duen mailaren araberakoa da”.
Lan saioari dagokionez, Joaquin Caparrosek hiru taldetan banatu ditu jokalariak. Tiko, Murillo, Cuellar eta Aduriz izan dira lan saioan parte hartu ez duten jokalari bakarrak. Aurrelari gipuzkoarrak lehenbailehen itzultzea du xede. “Pausoz pauso egin behar dut aurrera. Ikusiko dugu zein bilakera izaten duen lesioak. Dena dela, atzera ez egitea da garrantzitsuena”.