2007/12/10
Saioa Sanchez Iturregi eta Asier Bengoa Lopez de Armentia iragan asteazkenean atxilotu zituzten Frantzian eta hilaren 1ean Capbretonen burututako atentatuan bi guardia zibil hiltzea leporatuta auzipetu ondoren, bart espetxera bidali ditu epaileak, iturri judizialek jakinarazi dutenez.
Askatasunen eta atxiloketaren epaileak espetxera bidali zituen bi atxilotuak, bereziki, Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilen hilketa leporatuta.
Laurence Le Vert eta Marie-Antoinette Houyvet epaile instruktoreek "agintaritza publikoa duten pertsonen hilketa", bahiketa, armak erabilita burututako lapurreta, armak erabilita lapurreta saiakera, armak eramatea eta izatea, agiri faltsuak erabiltzea eta gaizkile taldeko kide izatea leporatu dizkiete. Horrez gain, helburu terroristak dituen talde armatuko karguak ere leporatu dizkiete.
Poliziak beste pertsona baten bila jarraitzen du
Bestalde, Frantziako Polizia atentatuan ustez parte hartu zuen beste lagun baten bila dabil.
Atxilotu zituztenean armak zeramatzaten Bengoak eta Sanchezek eta, ustez, bi egun lehenago auto bat lapurtzen saiatu ziren Perigueuxetik gertu. Ihesaldian erabili omen zuten beste ibilgailu batean, Tarn departamenduan asteartean aurkitu zuten Renault Clio berde bat, ia 150 bala-zorro aurkitu zituzten. Ustez, zorro horiek tiroketa praktikak egin ondoren jaso zituzten isolatutako ingururen batean.
Iturri beren arabera, bala-zorro horiek Capbretongo hilketan erabili zen armaren ezaugarri berak zituzten. Ikerlarien hipotesiaren arabera, Sanchezek egin zien tiro bi guardia zibilei.