ZIRKULAZIOA

Alkoholemia eta droga kontrol kanpaina abian

2007/12/10

Ertzaintzaz gain, hiru hiriburuetako Udaltzaingoek eta Irungo, Getxoko eta Leioako Udaltzaingoek parte hartuko dute. 2001 urtetik, positibo emandako alkoholemien portzentajeak %9tik %6ra egin du behera.
Ertzaintzaren alkoholemia kontrola. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Ertzaintzaren alkoholemia kontrola. Argazkia: EiTB

Alkoholemia eta droga kontrol kanpaina hasiko dute EAEn gaur Ertzaintzak eta Udaltzaingoek, abenduaren 10etik (astelehena) Errege egunera arte, euskal kale eta errepideetan. Kanpaina lau astez egingo dute, Gabonetako jaiak tartean direla, eta helburua gidariak gehiago kontzientziatzea eta zirkulazio-istripuei aurregitea da. 2001 urtetik, positibo emandako alkoholemien portzentajeak proba kopuruko %9,02-tik %6,03-ra behera egin du. Ondorioz, 2007-2010 Euskadiko Bide-segurtasunerako Plan Estrategikoan ezarritako helburuak nabarmen gainditu dituzte.

Kanpaina egingo duten hurrengo lau asteetan, Ertzaintzak, hiru hiriburuetako Udaltzaingoek eta Irungo, Getxoko eta Leioako Udaltzaingoek alkoholemia eta droga kontrolak areagotuko dituzte, egoera onean ez dauden gidarien presentzia ekiditeko eta Euskal Herriko errepideetan hilkortasuna eta istripuak murrizteko, kontuan hartuz Gabonak tartean daudela.

Polizia agenteek jagoletza eta kontrol dispositiboak asteko egun guztietan eta edozein ordutan egingo dituzte. Asteburuetan eta jaiegunetan indartu egingo dituzte dispositiboak, bereziki, gauez.

Ekimena 2007-2010 Euskadiko Bide-segurtasunerako Plan Estrategikoaren barnean dago. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta trafikoarekin zein errepideekin erlazionatutako bestelako erakunde pribatuk parte hartzen dute. Denbora tarte horretan, Trafiko Zuzendaritzak publizitate kanpinak egiteko asmoa du; telebistan nahiz irratian emango dituzte eta helburua gidariak alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak dakarren arriskuei buruz informatzea eta kontzientziatzea da. Kasu honetan, lehen bi asteetan, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak estatuan egingo duen kanpainarekin bat egingo du.
Oraingoa aurten egingo duten hirugarren kanpaina izango da. Aurreko bi kanpainak ekainaren 4tik 17ra (lehena) eta San Ferminetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan eta Bilboko eta Donostiako Aste Nagusietan (bigarrena) egin zituzten.

Droga kontrolak

Berritasun gisa, ohiko alkoholemia kontroletan droga kontrola ere egingo dute. Ertzaintza azaroan hasi zen droga testak egiten prebentziozko kontroletan, istripu eta arau-hauste larriak ikertzeko.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte egin diren bi kanpainetan (lehena, ekainaren 4tik 17ra eta, bigarrena, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jaietan) 13.720 alkoholemia proba egin dituzte guztira, 943 kontroletan (589 ekaineko kanpainan eta 354 jaietan). Positibo eman zuten gidariak 619 izan ziren; horietatik 357, lehenengo kanpainan, eta 262, bigarrenean). Portzentaje osoa %4,51 izan zen biak batuz; jaietan egindako kanpainan jende gehiagok eman zuen positibo (%5,02), ekaineko hamabost egun horietan egin zen kanpainan baino (%4,19).

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta