2007/12/01
Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo arratsaldean 18/98 sumarioan auzipetutako 46 lagunen zigorrak jakinarazi ostean erabakiaren aurka Bilbon eta Donostian egindako manifestazioetan.
Bilbon manifestazio jendetsua egin dute iluntzean, gaurko atxiloketen aurka protesta egiteko. Arriaga antzokiaren plazan hasi eta PSE-EEren egoitzaren aurrean amaitu da, Errekalde Zumarkalean.
Bukaeran, antolatzaileek esan dute erasoei erantzuteko ordua dela, 18/98 sumarioaren helburua independetziaren aldeko mugimendua "kriminalizatzea" eta "zigortzea" delako.
Iganderako manifestazio nazionala deitu dute auziperatuek, 'Euskal Herriaren eskubideen alde, baldintza demokratikoak aukera politiko guztientzat' lelopean. Martxa eguerdian (12:00etan) abiatuko da Bilboko Aita Donostia plazatik.
Bai Bilbon egindako manifestazioan zein Donostian, Joxemi Zumalabe Fundazioaren egoitza aurrean, egindako ekitaldian kondenatutako hainbat auzipetuk parte hartu dute. Donostian gainera, Poliziak horietako bat atxilo hartu du ekitaldia amaitu eta gero. Harekin zeuden beste batzuk, ordea, ez dituzte eraman.