2007/12/05
Liburuak, diskoak, giro paregabea eta, aurten, umorea gai nagusitzat. Hala laburbil daiteke Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 42. edizioaren eskaintza.
Gaur, Ukan euskararen birusak zabaldu ditu goizeko 10:30etan Azokako ateak. Ikastetxeetako ikasle eta irakasleak izan dira lehenengo bisitariak. Dena dela, edozein bisitarirentzako izan dira ateak zabalik.
Arratsaldean, Andoni Agirregomezkorta ETBko "Vaya Semanita" saioko gidariak aurkeztu du inaugurazio ofiziala, 19:00ean, umorearen inguruan antolatutako ekitaldiei hasiera emanez.
Bost egunez (asteazken honetan hasita hilaren 9ra arte), kulturaren hiriburu bilakatuko da Bizkaiko herria. Horretarako, 554 nobedade (395 liburu eta 74 disko) izango dira eskuragai. Aurten, baina, umorearen hiriburu ere izan nahi du aurten Durangok. Horretarako, eta umorea gai nagusi hartuta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Gerediaga elkarteko kideek.
Hortik aurrera, hainbat eta hainbat ekitaldi, denek umorea ardatz dutela. Paia neba-arrebek (Fredi, Xabi eta Itsaso) eta Unai Elorriagak prestatutako bertso-musikatuen ikuskizun berria ("Oroimenaren lupa") ikuskizun berria eskainiko dute. Horrez gain, "Sommer jaunaren istorioa" antzezlana ere Durangon estreinatuko du Txalo Produkzioak. Eta, aldiz, azken emanaldia izango du Zazpiak Batman Kolektiboak. "Laster Master: inkomunikazio ikastaro azkarra" hitzaldi umoretsua azkenekoz Azokan egingo dutelako.
Antolatzaileek gazteen parte-hartzea sustatu nahi izan dute ekitaldiokin.
Maiatzaldizkaria, Argizaiola Saria
Urtero euskal kulturan pertsonaia edo erakunde bat nabarmentzen du Gerediaga Elkarteak Argizaiola Sariarekin. Aurten, Maiatzaldizkari eta elkartea saritu nahi izan dute. Argitalpenak 25 urte bete berri ditu eta, sortzearekin bat (1982), Durangoko Azokan izan da, urtero-urtero. Ipar Euskal Herrian euskararentzat eta literaturzaleentzat egindako ekarpenak goraipatu nahi izan dituzte Gerediagakoek.
Era berean, berriki zendu den Eva Forest idazle eta editore omenaldia egingo diote azokan, baita Jesus Atxa eta Xalbador Solargi Azokako sustatzaileei ere.
Georgiako literatura izango da aurtengo gonbidatu berezia.
Gainerakoan, Euskal Kultur Erakundearekin lortutako lankidetza-akordioari esker, Ipar Euskal Herriko argitaletxe eta disko-etxeen presentzia handiagoa izango da.
Azoka, zenbakitan
Durangora bertaratzen denak izango du zer aukeratu: 554 nobedade izango dira 317 standetan banatuta. 161 argitaletxek, disko-etxek, elkartek eta erakundek (tartean EiTB) hartuko dute parte, horietatik 19, lehen aldiz.