GOBERNUA-TELEBISTAK BILERA

Telebistan genero indarkeriari buruzko gaiak nola landu, aztergai

2007/11/23

Datorren astetik aurrera, Espainiako Gobernua telebista-kate pribatuekin bilduko da, "emakumeen kontrako indarkeria ikuskizun bilaka ez dadin" erabili behar diren irizpideak eztabaidatzeko eta zehazteko.
Telebistak. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Telebistak. Argazkia: EFE

Estatuko telebista-kate batean bikotekide ohiari barkamena eskatu eta harremana berriro hastea proposatu ostean, gizonak emakumea hil zuen. Gertakari horrek polemika sortu du eta telebistetako edukiak erregulatzeko eztabaida piztu da.

Horiek horrela, Espainiako Gobernuak bilera-sorta izango du, datorren astetik aurrera, Estatuko telebista-kate pribatuekin. Hala iragarri du Maria Teresa Fernandez de la Vegak, Ministroen Kontseiluaren ostean egin duen agerraldian.

Gobernuko lehen presidenteordearen esanetan, genero indarkeria "ezin daiteke ikuskizun bilakatu eta ezin daiteke beste eduki informatibo gehiago bat izango balitz moduan eman".

De la Vegak adierazi duenez, "elkarrizketa zintzoaren bidez, akordioetara heltzea da helburua, gai horiek ahalik modu egokienean eman daitezen telebistan".

"Erasotzaileak baztertzeko eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei babesa emateko" formulak bilatzen saiatuko dira Espainiako Gobernua eta telebistak. De la Vegak azpimarratu du bide horretan ez dagoela "makila magikorik", baina "irudimenezko soluzioak" behar direla zehaztu du.

Gobernuaren iritziz, afera honen inguruan gizartea kontzientziatzea izan behar da komunikabideen eginkizuna.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta