2007/11/19
Zortzi herrialdetako instituzio, komunikabide eta unibertsitatetako ordezkari diren 180 profesionalek The Wall Street Journal egunkarira zuzendutako eskutitza sinatu dute Keith Johnson kazetariak euskarari buruz argitaratutako informazioa zuzentzeko eta egunkariak artikulu hori jaso zuen toki berean argitaratzeko: lehen orrian, hain zuzen.
Euskara hizkuntza bizia dela eta egunerokotasunean, esparru guztietan, zientziarenean barne, erabiltzen dela erakustea da sinatzaileen helburua; Johnson kazetariak bere artikuluak zioenaren kontrakoa, hain justu. Horretarako, ia bost orrialdetako karta bidali dute egunkarira.
Indar berezia egin dute ingeniari nuklearren edo biologo zelularren sinadurak biltzeko, Johnson kazetariak azaldutakoen aurka egiteko. Itzultzaileak, idazleak eta zuzendariak ere gehitu zaizkie, beste batzuen artean.
Sinatzaileen artean, Euskal Herriko, Valentziako, Madrilgo, Argentinako, Kaliforniako, Mexikoko, Boiseko edo Venezuelako unibertsitateetako arlo desberdinetako (zientziarena barne) irakasleak daude. Industria teknologikoetan (Mondragon, CAF...) lan egiten duten ingeniariek, industria aeronautikoko langileek edota Pedro Miguel Etxenike bezalako zientzialariek ere bat egin dute eskutitzarekin.
Euskaraz idatzi eta 30 hizkuntza baino gehiagotara itzulitako eleberriak dituen Bernardo Atxaga idazleak edota 1967 eta 2003 artean Idahoko Estatu idazkaria izan zen Pete Cenarrusak ere bat egin dute eskutitz honekin. Horrez gain, Johnsonen artikuluarekin bat ez datozen zenbait abokatuk, kazetarik edota bertsolarik ere sinatu dute karta.
Igande honetan The Wall Street Journal egunkarira bidali duten eskutitza oso osorik eskaintzen dizu eitb24.com-ek.