2007/11/12
Juan Jose Perez Democracia Nacional alderdiko Kanpo Harremanetarako arduradunak adierazi duenez, Carlos Javier Palominoren, atzo Madrilgo Legazpiko metro geltokian hil zuten 16 urteko gaztearen, hilketagatik atxilotutako gizonezkoak "ez dauka zerikusirik" bere alderdiarekin eta "lintxamendu politiko erabat irrazional eta absurdua" jasaten ari direla salatu du. Lintxamendu horren helburua bere alderdiak "Espainiak jasaten duen legez kanpoko inmigrazio masiboarekiko duen kontrako jarrera kriminalizatzea" dela esan du.
Hilketagatik atxilotutako gaztea Josue E. de la H. 24 urteko militar profesionala da. Perezek esan du gazte hori ez dela Democracia Nacionaleko militantea, militarrak ezin baitira "politikoki sindikatuta egon".
Gainera, bere alderdiko zuzendaritzak "zalantzak" omen ditu gazte hori eurek "Arrazismo antiespainiarraren kontra, inmigrazioaren kontra" deitu zuten manifestazioan parte hartzekoa zenik.
Madrilgo Faxismoaren kontrako Koordinadoraren salaketa
Madrilgo Koordinadora Antifaxistak jakitera eman duenez, bihotzean eman zioten labankadagatik hil zen gaztetxoak bat egiten zuen euren ideiekin eta "bizi dugun ustezko demokrazia honetan agintariek manifestazioa arrazistak baimentzea eta babestea" salatu du; manifestazio horietara joaten direnak "ehizarako labanak dituzten pertsonaiak direla jakin arren".
Komunikabideei bidalitako ohar batean hauxe dio elkarteak: "Carlos Javier, Vallecaseko 16 urteko gaztea, ez da gehiago etxera itzuliko, arrazismoari ezetz esateagatik eta eraso xenofoboei aurre egiteagatik soilik". Ildo horretan, azken aldian izan diren horrelako kasuak salatzen ditu: Alcala de Henaresen tetraplejiko utzi zuten gizon kongotarrarena, Alfonso XIII metroko irteetan jipoitu zituzten bi gazte beltzena, Las Rozasen kolpatutako kolonbiarrarena edota Bartzelonako metroan eraso egin zioten Ekuadorko emakumearena.
"Carlos ez da taldeen arteko liskar batean hil, euren koloreari edo jatorriari begiratu gabe langileak defendatzeagatik hil dute" dio oharrak.
Gobernuko ordezkariak bere burua defendatu du
Soledad Mestre Gobernuaren Madrilgo ordezkariak, bere aldetik, adin txikikoaren heriotza "manifestaziora bidean" gertatu zela eta ez manifestazioan bertan argudiatu du eta ez dela eraso arrazista izan gehitu du, "biktima espainiarra baitzen".
Democracia Nacionalen manifestazioa legezkoa delako zegoela baimenduta ere esan du: "Alderdi legala izanda, manifestatzeko eskubidea dute".