2007/11/10
Ertzaintzak jakinarazi duenez, 2007. urtean 81 lagun atxilotu dituzte kable eta kobre lapurretarekin zerikusia zutelakoan EAEko zenbait eskualdetan.
Atxiloketa gehien Bizkaian egin dituzte, 37 hain zuzen; haren atzetik Gipuzkoa egongo litzateke 36rekin eta azkena Araba, 8 atxiloketekin. Hala ere, lapurreta kopuru handiena Gipuzkoan izan da, barrualdeko inguruetan bereziki.
Ertzaintzaren arabera, materialen prezioen gorakada nabarmenak areagotu ditu horiekin lotutako delituak. Horregatik, ekinbide berri bat abiatu du lapurreta gehien jasan dituzten inguruetan.
Urteen joan etorrian, material horiek lehengai moduan erabiltzen zituzten enpresetan edo horiek ekoizten zituztenetan izan dira lapurretak. Azkenaldian, berriz, telefono-hariak izan dira lapurren jomuga.
Gainera, familia jakin batzuek burutzen zituzten horrelako delituak, baina azken urteotan, Europa Ekialdetik iritsitako taldeak, bereziki errumaniarrak, izan dira lapurreta gehien egin dituztenak.
Gipuzkoan gertatutako kasu larrienetako bat Beasainen izan zen. 1.200 kilo kable erretzen harrapatu zituen Ertzaintza. Joan den igandean ere bi gazte atzeman zituzten Zaldibian 2.000 kilo telefono-hari erretzen ari zirenean.
Bizkaian, hiru lagun atxilotu zituzten Santurtziko txatartegi batetik 2.200 kilo metal lapurtzen ari zirenean. Araban, aldiz, Gasteizko Abetxuko auzoan elektrizitate haria lapurtu zuten bi gazte atzeman zituzten.