ARTIKULU HARRIGARRIA

Euskara, hizkuntza "atzeratua", 'Wall Street Journal'en iritziz

2007/11/07

Euskal Inkisizioa: Nola esango zenuke artzain euskaraz? artikuluak dio Jaurlaritzak milaka lagun eskolara itzultzera behartzen dituela eta milioika euro xahutzen dituela "nekazal inguruko hizkuntza bat berpizten".

Astelehen honetan, Wall Street Journal egunkariaren AEBetako edizioak "Basque Inquisition: How Do You Say Shepherd in Euskera?" (Euskal Inkisizioa: Nola esango zenuke artzain euskaraz?) artikulua argitaratu du, euskara "egungo bizimoduarekin bat egiten ez duen hizkuntza dela" defendatuz.

Keith Johnson egileak milaka lagun eskolara itzultzera behartzea eta "nekazaritza inguruko hizkuntza bat berpizten" milioika euro xahutzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Kazetariak jaso dituen lekukotzen artean Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiarena eta Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidearena daude, besteak beste. Arregik dioenez, "euskara ez da ona eguneroko elkarrizketa baterako. Hizkuntza bat inposatzen denean gutxiago erabiltzen da eta inposiziozko zein erreakziozko zirkulu beldurgarri bat sortzen du. Gehiegi fortzatu da hizkuntzaren erabilera". Leopoldo Barredaren iritziz, berriz, "euskara ez da erabiltzen bizitza errealean".

Wall Street Journal-ek bere edizio amerikarrean argitaratu duen artikuluak - ez Europako edizioan - "Euskadin gaztelania baztertu" egiten dela esan du, "euskal inkisizioak" nolabaiteko "garbiketa linguistikoa" garatzen duela.

Gainera, artikulua sinatzen duen kazetariak euskara hizkuntza "atzeratua" dela adierazi die irakurleei, moldatzeko gaitasunik ez duena. Horretarako, "artzain" esateko 10 modu ezberdin daudela dio, baina neologismoak asmatu behar direla "aireportu", "independentzia" edota "demokrazia" bezalako gauzak esateko.

"Euskal separatista askok armak gramatikagatik ordezkatu" dituztela ere idatzi du Johnsonek eta "euskara bizitza publikoko esparru guztietan inposatzearekin amesten" dutela.

Irakur itzazu Luis Foncillas ETBren AEBetako berriemaileak artikuluari buruz egin duen analisia eta irakurleen iritziak Radio Euskadiko "Ganbaratik" saioko blogean.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta