2007/11/06
18/98 makroepaiketan auzipetutako lagunek "Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko" manifestazio nazionala deituko dute, Auzitegi Nazionalak epaiaren berri ematen duenean.
Auzipetuek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon. Teresa Todak eta Mikel Kortak azaldu dutenez, mugimendu independentista "kriminalizatu" nahi dutela salatuko dute manifestazioan.
Martxa 'Euskal Herriaren eskubideen alde, baldintza demokratikoak aukera politiko guztientzat' lelopean egingo da eta deialdia epaia ateratzen denean egingo dute, baina, Teresa Todak nabarmendu duenez, ezinezkoa da Auzitegi Nazionalak erabakia noiz hartuko duen jakitea.
Horrez gain, datozen egunetan sindikatuetako ordezkariekin bilduko direla iragarri dute, ebazpenaren berri ematen duten egunean ordubeteko lanuztea antolatzeko asmoz.
Auzipetuak ziur agertu dira epaiak "Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lan egiten duten erakunde eta pertsonak kriminalizatuko" dituela eta "eskubideen urraketan sakonduko" duela.