REALA

Delibasic, "haserre" golik ez duelako egiten

2007/10/30

"Ez nuen uste lehen hamar partidak jokatu ondoren oraindik golik egin gabe egongo nintzakeenik. Hori bai, lehena egin ondoren etorriko dira ondorengo guztiak ere", esan du aurrelariak.

Realeko aurrelarietariko bat, Delibasic, bere buruarekin haserre azaldu du orain arteko partidetan golik egin ez duelako.

Lesio txiki bat tarteko ezin izan ditu bi partida jokatu, baina hala ere, ez dago konforme bere jokoarekin. "Ez nuen uste lehen hamar partidak jokatu ondoren oraindik golik egin gabe egongo nintzakeenik. Hori bai, lehena egin ondoren etorriko dira ondorengo guztiak ere".

Eta taldea ere, denboraldia hasi aurretik, ez zuen uste horren atzean izango zenik. "Egia esan, jaitsi berria da eta banekien ez zela lehen postuan izango, maila galtzen duten talde guztiek behar dutelako denbora pixka bat egokitzeko. Dena den, hamahirugarren postuan baino gorago egongo ginela uste nuen.

Hala ere, zazpi puntura gaude, bi partida jarraian irabazten baditugu goian sartuko gara. Igandean punturen bat batu eta etxean hirunaka batzen hasi behar dugu".

Erasoko jokoan lagundu dezakeen beste jokalari batek, Xabi Prietok, azken pasean hobetu behar dutela uste du. "Ferrolen aurka zelai erdian gehiago izan ginen, baina azken pasea ematerako orduan ez genuen asmatu".

Proba fisikoak Zubietan

Realeko jokalariek proba fisikoak egin dituzte goizean eta ondoren, entrenamendua amaitzeko, partida txiki bat jokatu dute. Stevanovicek ez du entrenatu, birus bat duelako, eta Skoubok, berriz, proba fisikoak soilik egin ditu. Vaughan, aurreko astean bezala, aste honetan ere bere kabuz entrenatzen ari da pubiseko arazoekin dabilelako.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta