2007/10/30
Hamar jardunaldi jokatu dira eta taldeak orain artean erakutsi duenagatik, bistan da gola egiteko zailtasunak dituela. Bederatzi gol baino ez ditu egin.
Iñigo Diaz de Cerio eta Gaizka Garitano izan dira gai honen inguruan mintzatu direnak. "Defentsan ondo gaude, baina erasoan ausardia gehiago falta zaigu. Gol falta denon artean konpondu beharreko arazoa da, ez aurrelariona soilik. Defentsako lanean denok lagundu behar dugun bezala, erasoan ere beste horrenbeste egin behar dugu".
Garitanok, bere aldetik, ez du uste taldea erasoan beti gaizki aritu denik. "Partida batzuetan nahikoa aukera egin ditugu, baina beste batzuetan, egia da, ez garela ondo aritu. Gure planteamendua erasokorra da. Bi aurrelarirekin jokatzen dugu, eta baita erasoko jarrera duten bi lateralekin ere. Gertatzen dena da, nahiz eta planteamendua ona izan, gero asmatu egin behar dugula, eta beharbada ez ditugu jokalari egokiak horretarako".
Vaughan, entrenatu ez den bakarra
David Vaughan izan da entrenatu ez den jokalari bakarra. Eduardo Escobar Realeko sendagileak galestarra "askoz hobe" dagoela adierazi du. "Hasiera batean tratamendua jarri diogu, eta hobera egiten ez badu ikusiko dugu zer egiten dugun".
Realak jokalaria fitxatu zuenean ez zuen publiko egin David Vaughan pubiseko ebakuntza jasanda zegoenik, baina Escobarrek garbi utzi nahi izan du jakin bazekitela. "Guk eskuratu dezakegun informazio guztia jaso ohi dugu, eta noski fitxatu aurretik bagenekiela ebakuntzarena. Beste gauza bat da publiko egitearena. Jokalari baten txosten klinikoa ezin da publiko egin". Zenbat denbora beharko duen osatzeko galdetu zaionean, zehatz mehatz ez dakiela erantzun du.
Eman zure iritzia gai honi buruz. Idatz ezazu zure artikulua edo beste zaleen artikulua komentatu. Bidal itzazu zure argazkiak eta bideoak. Hau guztia Realaren blogean.