EUSKO JAURLARITZAREN INKESTA

EAEko herritarren %60, Ibarretxeren kontsultaren alde

2007/10/24

Gehiengo zabal batek (%89) ongi deritzo Ibarretxek eta Zapaterok gatazka konpontzeko hitz egiteari. Herritarren %65 bozkatzera joango dira, eta, %73ren ustez, alderdiek, erakundeek eta ETAk emaitza onartu beharko dute.
Jende. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Jende. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko hamar herritarretatik bederatziri ondo iruditzen zaie Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitz egitea euskal gatazkari irtenbidea bilatzen saiatzeko.

Hala dio Eusko Jaurlaritzak EAEko 18 urtetik gorako herritarren artean telefono bidez urriaren 19 eta 20 bitartean egindako inkesta baten ondorioz. Herritarrek lehendakariak gatazkari irtenbidea emateko proposatutako bidai orriari buruz duten iritzia ezagutzeko egin dute inkesta, Ibarretxe Zapaterorekin Moncloan batzartu eta hiru egun geroago.

Datuon arabera, Legebiltzarrak kontsulta egiteko baimena emango balu, Rodriguez Zapateroren Gobernua kontra egonda ere, EAEko herritarren %59k ongi ikusiko lukete Ibarretxe lehendakariak kontsultarako deialdia egitea, eta %21ek, gaizki.

Horrez gain, %73k diote instituzioek, alderdi politikoek eta ETAk kontsultaren emaitza onartu eta bere egin beharko luketela, eta %8k, berriz, ez luketela kontuan hartu behar.

Eusko Legebiltzarrak kontsulta onartuz gero, Espainiako Gobernuak ez lukeela debekatu beharko deritzote %64k eta baietz, bestalde, %12k.

Azkenik, kontsulta egingo balitz, herritarren %65ek esan dute botoa ematera joango liratekeela, %15ek ez liratekeela joango eta %13k, egoeraren arabera botoa emango luketela edo ez.

Horren harira, herritarren %58ren ustez, ETAk su-etena aldarrikatu arte zain egon gabe gatazka konpontzen saiatu behar da. Lautik batek (%26), ordea, uste du erakunde armatuak su-etena deitu arte horrelako proposamenik ez dela egin behar.

Bestetik, %64 bakea lortzeko neurri polizialak eta elkarrizketa, biak, erabiltzearen alde daude. %13k, bestalde, uste dute ETA neurri polizialen bidez suntsitzea litzatekeela eraginkorrena.

Zapateroren jarrera

Zapaterok bere jarrera aldatzeko aukerei dagokienez, herritarrak oso zatituta daude; %35ek uste dute hauteskunde orokorren ondoren jarrera alda dezakeela baina beste horrenbestek jarrera berberari eutsiko diola deritzo.

Herritar gehienei (%56) gaizki iruditu zaie Rodríguez Zapaterok akordiorako aukera atzera bota eta euskal herritarrei kontsulta egiten ez duela utziko esan izana. %18ri, berriz, ongi iruditu zaie haren jarrera.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta