OSASUN ARAZOENGATIK

Beste bi preso hil dira Euskal Herriko kartzeletan

2007/09/27

Espetxe Zuzendaritzaren arabera, jatorri kolonbiarreko kartzelatu bat hilik agertu da Langraiz Okako ziega batean. Salhaketak, bestalde, Basurtuko Ospitalean Basauriko preso bat hil dela salatu du.

Aurten lau preso hil dira Langraiz Okako eta Basauriko espetxeen zaintzapean (bi Langraiz Okan eta beste bi Basaurin), hiru irailean. Salhaketa presoen aldeko elkarteak azaldu duenez, 58 dira Estatu espainiarraren zaintzapean edo haren Segurtasun Indarren eraginez hil diren presoak 2007an, Langraiz Okakoarekin 59ra igo da kopuru hori.

Langraiz Okako kartzelako funtzionarioek kolonbiar jatorriko gizonezko bat aurkitu dute gaur hilik ziega batean. Espetxeko medikuari pasa diote abisua, baina hark presoaren heriotza baieztatu besterik ezin izan du egin. Badirudi bihotzeko arazoak zituela hildakoak.

Espetxeko Zuzendaritzak heriotzaren berri eman dio dagokion epaileari.

Beste alde batetik, Salhaketa presoen aldeko elkarteak jakinarazi duenez, joan den irailaren 19an Basauriko espetxeko preso bat hil zen Basurtuko Ospitalean. Jatorri magrebiarreko presoak hirugarren gradua jaso zuen eta Basurtuko Ospitalean zegoen, espetxealdian osasun egoera okertu zitzaiolako.

Horregatik, Salhaketak azaldu duenez, "arazo hori konpontzeko eta Estatuko edozein kartzelatan, eta Euskal Herrikoetan bereziki, izaten diren irregulartasunak salatzeko konpromisoei eutsiko diegu".

Hala, besteak beste, kartzelan edo Estatuaren zaintzapean gertatzen diren heriotzetan edo tortura salaketetan fiskalak ofizioz jardun dezan eskatu du.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta