2007/09/28
Emandako hitza bete nahi duela berretsi du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Euskal herritarrak "garai historiko berri baten aurrean" izango direla iragarri du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, eta ez ETAk ez Espainiako Gobernuak ere garai hori heltzea galaraziko ez dutela ziurtatu du.
Ibarretxeren esanetan, "Espainiako Gobernuak ezin dezake erakunde armatua aitzakia politikotzat erabili euskal gizarteari bere bidea egitea oztopatzeko".
09:30ean ekin duen hitzaldian, Euskadin bakea eta normalizazio politikoa ekarriko duen "garai historiko berria eraikitzeko", euskal gizarteari giltza demokratikoa emango diola adierazi du Ibarretxek.
Bi ordu eta 20 minutu inguru iraun duen hitzaldian, euskal gizarteari "protagonismoa" emango diola azpimarratu du lehendakariak eta edozein bake eta normalizazio prozesuan hitza gizarteak izan behar duela nabarmendu du.
ETA erakunde armatuak amaitutzat emandako bake-prozesuari aipamena egin dio lehendakariak, eta egoera horren erantzule bakarra ETA bera dela gaineratu du. "Akatsak" izan direla onartu du Ibarretxek, baina dena dela "ahaleginak merezi" duela.
600 kazetari eta gonbidatu
Arreta handiz jarraitu dute lehendakariaren hitzaldia legebiltzarrean. Euskal Herritik zein kanpotik joandako 300 kazetariei, gonbidatuta egon diren beste 300 lagun gehitu behar zaizkie. Azken horien artean Batasunako bozeramaile Pernando Barrena; Jose Antonio Ardanza lehendakaria eta EAJko buru Josu Jon Imaz daude, besteak beste.