2007/09/20
XXXVII. Sari Nagusia – XXXIII. El Corte Ingles Bandera aurkeztu dute ostegun honetan. Izan ere, Jose Carlos Ramos El Corte Ingleseko kanpoko harremanen arduraduna, Mikel Cabieces Portugaleteko alkatea, Angel Anero Portugaleteko Udalaren kirol-zinegotzia, Alfredo Lopez Portugaleteko Klubaren presidentea eta Iñaki Mikeo TKE Ligaren gerentea egon dira Bilboko El Corte Inglesen egin duten aurkezpenean.
Estropada igandean jokatuko dute, 12:00etatik aurrera, eta 2007ko San Miguel-TKE Ligaren txapelduna ezagutuko da. Halaber, hurrengo denboraldian Ligari eutsiko dioten traineruak ere zehaztuko dituzte, hots, 2008ko San Miguel-TKE Ligan izango diren ontziak.
Estropada hiru txandetan banatuko dute:
- 1. txanda: Igotzeko eta jaisteko play offak jokatuko dituzten lau traineruk hartuko dute parte. Erlojuaren kontrako proba izango da. Traineruek minutu bateko tartea izango dute irteera egin dezaten.
- 2. eta 3. txanda: Lau ontzi arituko dira ohiko eran, txanda bakoitzean, eta hiru ziaboga izango dira. San Miguel Ligako sailkapenaren 5., 6., 7. eta 8. sailkatuak bigarren txandan izango dira eta aurreneko laurak, aldiz, hirugarren txandan egongo dira.
Igandean, gainera, San Miguel-TKE Ligaren txapeldunak TKE Koroa jasoko du.