DOKUMENTAZIOA

18/98: Bi urteren ondoren, epaiaren zain

2007/08/29

2005eko azaroan hasi zen 18/98 auzia eta 2007ko martxoan bukatu. Auzitegi Nazionalean inoiz egin den epaiketarik luzeenaren epaiaren zain daude 52 lagun. Tentsio une eta salaketez betetako prozesua izan da.

Urtebete eta erdi inguruan Auzitegi Nazionalak 18/98 makrosumarioan auzipetutako 52 pertsona epaitu zituen erakunde honek egindako epaiketarik luzeenean.

2005eko azaroaren 21ean hasi eta 2007ko martxoaren 14an bukatu zen ahozko epaiketa. Auzitegi Nazionalaren historiako luzeena izateaz gain, auzipetu gehien epaitu dituena izan zen. Bestalde, prozesu honen ezaugarri nagusienetako bat ezker abertzaleko plataforma nagusienak epaitzea ere izan zen.

59 auzipeturekin hasi zen prozesua; pertsona gehiago atxilotu edota deklaratzera deitu zituzten, ordea. Epaiketak iraun zuen bitartean Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militante historikoa hil egin zen. Horrez gain, Iñigo Elkoro eta Jose Ramon Aranguren gaixo zeudela eta, bakoitza bere aldetik epaitzea erabaki zuten, ez baitzuten saioetara joateko modurik. Bestalde, Pepe Uruñuela absolbitu egin zuten epaiketa bukatu aurretik. Bestetik, Pepe Rei ez zuten epaitu, bere osasun egoera zela eta.

Auzitegi Nazionalak bost sumariotan antolatu zuen epaiketa, Enpresak, Egin, Ekin, Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Xaki ataletan banatuta.

Enrique Molina fiskalak lau eta 19 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen (484, guztira) auzipetuentzat eta absoluzioa, bestalde, horietako batentzat. Gogora ekarri behar da, gainera, hasieran 51 urtera arteko espetxe zigorrak eskatu zituela (946, guztira). ETAko kide izatea edo erakunde armatuari laguntza ematea leporatu zien Egin egunkariaren argitalpenean lanean jardun zutenei, Ekineko kideei, Joxemi Zumalabe Fundazioan lanean aritzen zirenei edota Xakiren eskutik nazioarteko harremanetan parte hartu zuten batzuei.

Fiskalaren tesia: Gizartearen ezegongortzea

Fiskalaren iritzian, 1995az geroztik ETAren eta KASen estrategia politiko-militarra hiru arlotan garatu zen; politikoan, ekonomikoan eta militarrean, hain zuzen. Arlo politikoan, betiere fiskalaren tesien arabera, KASek "gizartea eta erakundeak ezegonkortzeko ardura izan zuen, Herri Batasunaren eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) komunikabideen bitartez".

Beraz, fiskalaren arabera, erakundeko kide "liberatuen" gastuak finantzatzeko proiektua garatzeko lana eman zitzaion KASi. Garai hartan "Udaletxe Proiektua" garatu zela deritzo fiskalak eta honek "ENAMeko enpresa legalak" erabili zituela (horien artean, AEK, HB eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak aipatu zituen, hainbat bidaia agentzia eta aseguru enpresez gain, besteak beste).

Horrez gain, tesion arabera, ETAren finantzazio sistema "enpresa txikiek" ere osatzen omen zuten, besteak beste, Gadusmar edo Ganeko enpresek. Fiskalaren esanetan, enpresok, ENAMeko kideen bitartez beste merkataritza sozietate batzuen administrazio kontseiluetan sartzeko" balio omen zuten, besteak beste, Orainen eta Egin egunkarian.

Batasuna, Jarrai-Haika-Segi eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak, bereizitako kausak

Batasunaren, Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Jarrai-Haika-Segiren aurkako kausak aparteko prozeduretan ikertu dituzte eta bakoitza bere aldetik epaituko dira. Izan ere, gazteen erakunde abertzaleen arduradunak iaz epaitu zituzten erakunde armatuko kide ote ziren ebazteko; Auzitegi Nazionalak delitu horretan absolbitu egin zituen, "legez kanpoko erakundeak" zirela, ez "terroristak", ebatzita. Auzitegi Gorenak, ordea, epai hori atzera bota eta elkarte terroristatzat jo zituen.

Bestalde, Amnistiaren aldeko Batzordeen auziak epaiketaren zain jarraitzen du.

Auzipetuak eta espetxe zigor eskaerak

Enpresen atalean

Juan Pablo Diéguez: 7 urte

Bixente Askasibar: 9 urte

Bigarren Ibarra: 9 urte

Iker Beristain: 7 urte

Joxe Garcia Mijangos: 9 urte

Inma Berriozabal: 7 urte

Joxean Diaz Urrutia: 7 urte

Joxean Etxeberria: 13 urte

Joxemi Zumalabe Fundazioaren atalean

Mikel Aznar: 7 urte

Iñaki O'Shea: 7 urte

Sabino Ormazabal: 7 urte

Mikel Zuluaga: 7 urte

Pepe Ururñuela: Absolbitu egin zuten

Olatz Altuna: 7 urte

Fernando Olalde: 7 urte

Alberto Frias: 7 urte

Mario Zubiaga: 7 urte

Jose Ramon Antxia: 9 urte

Ekin erakundearen atalean

Imanol Iparragirre: 9 urte

Patxi Gundin: 9 urte

Txema Matanzas: 9 urte

Ruben Nieto: 9 urte

Ana Lizarralde: 9 urte

Olatz Egiguren: 9 urte

Paul Asensio: 9 urte

Oiakue Azpiri: 7 urte

Marta Perez: 7 urte

Juan Mari Mendizabal: 9 urte

David Soto: 9 urte

Jaime Iribarren: 9 urte

Xabier Balanzategi: 9 urte

Natale Landa: 9 urte

Xabier Arregi: 9 urte

Iker Casanova: 9 urte

Xakiren atalean

Mikel Egibar: 9 urte

Nekane Txapartegi: 9 urte

Jose Ramon Antxia: 9 urte

Mikel Korta: 9 urte

Jokin Gorostidi: 15 urte (epaiketak iraun zuen bitartean hil zen)

Joxe Mari Olarra: 9 urte

Elena Beloki: 9 urte

Miriam Campos: 9 urte

Iñigo Elkoro: 12 urte (gaixo zegoen eta ezin zuen epaiketa saioetara joan. Bakarrik epaituko dute)

Orain atalean

Carlos Trenor: 11 urte

Xabier Alegria: 13 urte

Manuel Intxauspe: 11 urte

Isidro Murga: 19 urte

Patxi Murga: 19 urte

Maite Mendiburu: 11 urte

Xabi Otero: 4 urte

Javier Salutregi: 7 urte

Teresa Toda: 7 urte

Jose Luis Elkoro: 19 urte

Iñaki Zapiain: 4 urte

Jexuxmari Zalakain: 19 urte

Jose Ramon Aranguren: 48 urte (gaixo zegoen eta ezin zuen epaiketa saioetara joan. Bakarrik epaituko dute)

Pablo Gorostiaga: 11 urte

Epaiketako saio guztietara joan behar izan dute auzipetuek

Auzipetu guztiek astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan Madrilgo Casa de Campon egiten ziren saio guztietara joan behar izan zuten. Izan ere, euren atala jorratu behar ez zen egunetan joan behar ez izatea eskatu zuten arren, Angela Murillo auzitegiko presidenteak ez zien horretarako baimenik eman.

Auzipetuek eurek sarritan salatu dutenez, erabaki horrek gastu handia eragin zien, izan ere, prozesatuei babesa emateko sortutako 18/98+ taldearen esanetan, bakoitzak 7.561 euroko gastua zuen hile oro.

Epaiketa hasi baino urtebete lehenago sortu zen talde hau. Euskal Herriko gizarte, ekonomia, politika eta kultura alorreko hainbat pertsona ezagunek bat egin zuten auzipetuekin talde honen bidez.

Tortura salaketak eta tentsio uneak

Auzipetuen eta hauen abokatuen eta Murillo epailearen artean tentsio une ugari izan zen epaiketan. Defentsak sarritan salatu du auzipetuak defendatzeko zailtasunak jarri dizkiotela.

Era guztietako gora-behera eta polemikaz beteta egon da epaiketa: datuak falta zituzten agiriak, zenbait froga galdu egin ziren edo ez zeuden egon behar zuten lekuan, Auzitegiari partzialtasuna leporatu zion defentsak eta deklarazio kontraesankorrak egon ziren, ondorioz, defentsako abokatuek uko egin zioten aditu-frogari, oinarri penalik gabeko "epaiketa politikotzat" jo dutenaren aurka protesta egiteko.

Horrez gain, epaiketak iraun zuen urte eta erdian akusazioen oinarri gisa torturapean egindako deklarazioak erabili direla salatu zuten akusatuek eta defentsak. Besteak beste, Nekane Txapartegi, Mikel Egibar, Xabier Arregi eta Xabier Alegriaren tortura salaketak entzuteko beta izan zen.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta