2007/08/08
Iurbentia Bilbao Basketek jakinarazi du Xavi Lopez joko-antolatzaile kataluniarra fitxatu duela hurrengo bi urterako. Lopezek Estatu Batuetako Point Loma unibertsitatean jokatu du azken bi denboraldietan.
Lopez (24 urte eta 1,92ko garaiera) Badalonako Joventut taldearen harrobian egon zen, gerora, Estatu Batuetara joateko Oregoneko Chemeketa Community College taldera. Azken denboraldian, Point Lomako elastikoa jantzita, batezbesteko 12,7 puntu, 3,3 errebote eta 3,6 asistentzia egin zituen partidako.
Kataluniarrak 17 urtez azpiko selekzioarekin jokatu du eta Bilboko klubaren laugarren fitxaketa da 2007/08 denboraldiari begira, Paco Vazquez, Drago Pasalic eta Marcelinho Huertas jokalariak fitxatu ostean.
Txus Vidorretak entrenatzaileak hamaika jokalari ditu hurrengo denboraldiari aurre egiteko: Javi Salgado, Huertas eta Lopez (joko-antolatzaileak); Lucas Recker, Vazquez, Pedja Savovic eta Asier Zengotitabengoa (hegalekoak); eta Fred Weis, Martin Rancik, Marko Banic eta Pasalic (pibotak).