2007/06/14
Plaza baten jabe diren funtzionarioen %54k dagokien hizkuntza eskakizuna dute eta %4,4k hortik beherakoa. Datuok "oso positibotzat" jo ditu Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Dena dela, "asebete" geratzeko nahikoak ez direla azpimarratu du, hizkuntzaren erabileran horrenbesteko aurrerapena egin ez delako. "Bide asko dago oraindik egiteko", azpimarratu du.
Hezkuntza eta Kultura Batzordean agerraldia egin du Azkaratek Euskararen III. Normalizazio Planaren (2003-2007) aurreneko balantzea egiteko.
Hain justu, datorren urtean indarrean sartuko den planak (2008-2012) hizkuntza eskakizuna duten horien ezagutza mailari eustea eta ildo horretan "urrats gehiago" ematea izango du helburu. Horrez gain, baliabideak ugaritu eta teknologia eta aplikazio informatikoak hobetzeko inbertsioak egingo ditu.
Balantze "positiboa"
Emandako datuen arabera, euskara testu idatzi eta ofizialetan erabiltzen da gehien. Ahozko erabilera, ordea, %30-40koa da. Argitalpenei dagokienez, "hutsunea" atzeman du Jaurlaritzak, %25 gazteleraz bakarrik kaleratzen delako.
Azkarateren esanetan, testurik gehienak itzultzen dira baina %10-20k bakarrik du euskara jatorrizko hizkuntza. Errotulazioan eta papergintzan presentzia handia du euskarak eta aplikazio informatikoen %40 euskaraz daude, baina gaztelera erabiltzen da sarrien. Telefonoa hartzeko orduan, nagusiki (%80) euskara erabiltzen dute Bizkaian eta Gipuzkoan baina %20 baino ez da Araban. Herritarren %26k erabiltzen du euskara administrazioarekiko harremanetan.
Kultura sailburuak azpimarratu duenez, euskara "zerbitzu hizkuntza ez ezik", laneko hizkuntza ere bilakatzea izango du xede IV. Planak: "Jomuga urrun dugu oraindik, bidea hasi besterik ez dugu egin", aitortu du.
Administrazioan euskararen erabilera sustatuko dutela nabarmendu dute Legebiltzarreko talde guztiek.