AKORDIORIK EZ ILDO POLITIKOAREKIN

Txillardegik Aralar alderdia utzi du, desadostasunak direla eta

2007/05/21

Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, bi dira arrazoi nagusiak: Aralarrek ETAren biktimen alde Jaurlaritzak antolatutako ekitaldiarekin bat egin izana eta alderdiak Ezker Batuarekin koalizioa osatu izana.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Aralar alderdia utzi du, alderdiak hartu dituen erabaki batzuekiko desadostasuna agertu eta gero.

Txillardegik azkenaldian desadostasunak izan ditu alderdiaren ildo politikoarekin. Aralarrek hartutako azken bi erabaki izan dira alderditik erabat aldentzera eraman dutenak. Alde batetik, Aralarrek ETAren biktimen alde Jaurlaritzak antolatutako ekitaldiarekin bat egin izana eta igandeko hauteskundeei begira alderdiak Ezker Batuarekin koalizioa osatu izana.

Aralar alderdia sortu zenetik zen bertako kide eta aurreko udal hauteskundeetan Donostiako zerrendan joan zen.

Hilabeteak dira, ordea, Txillardegik jada Aralarren ekitaldietan parte hartzen ez duela. Aralarren zuzendaritzak, berriz, honen berri ofizialik ez duela jaso adierazi du, Euskadi Irratiak azaldu duenez.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta