IBILALDIA 2007

Euriak ikastolen jaia zapuztu du, Balmasedan

2007/05/21

Antolakuntzak jakitera eman duenez, "ilusioz beteriko lan guztiak ez du fruiturik eman, euriaren ondorioz". Horregatik, Zubi Zaharra ikastolaren alde dirua biltzen jarraitzea erabaki dute bi kontu korronteren bidez.
Hasiera-ekitaldia. Argazkia EFE

argazkia handitu

Hasiera-ekitaldia. Argazkia EFE

Balmasedan ospatu zen igandean, Bizkaiko Ikastolen jaia, Ibilaldia. Milaka lagun hurbildu ziren bertara baina eguraldi txarrak eta ekaitzek ilundu egin zuten 19. edizioa. Egunaren amaieran, antolatzaileek oharra igorri zieten komunikabideei euren pena azalduz: "2007ko Ibilaldia amaitu da eta honekin batera ilusioz beteriko lanak, euriaren ondorioz, ez du fruiturik eman. Urte osoan egindako lana bikaina izan da baina eguraldiak ez digu lagundu". Izan ere, eguralde txarrak "uxatu" egin omen zuen jende asko.

Eguna lainotuta esnatu zen eta goiz osoa zerura begira egon ondoren, euria hasi zuen eguerdian. Horren ondorioz, makina bat ekintza bertan behera utzi behar izan zituzten eta beste batzuk lekuz aldatu.

Horregatik, azken balorazioa egiterakoan "etsita" zeudela adierazi zuten antolatzaileek eta Zubi Zaharra ikastolari lagundu nahi dieten guztiei dei egin zieten euren diru-laguntza eman dezaten bi kontu korronteren bitartez: 2095-01-1460-9107570540 eta 3035-01-0420-1040043202.

Dena dela, milaka lagun izan ziren Balmasedan

Hala ere, milaka lagunek aurre egin zioten eguraldi txarrari eta Balmasedara hurbildu ziren Ibilaldia ospatzera. "Geroaren deiadarra" lelopean, 09:30ean ireki zuten sei gunetan banatutaako sei kilometroko ibilbidea, Kadagua ibaiaren inguruan.

Sei guneren artean bostek deiadar mendien izenak (Sollube, Oiz, Kolitza, Ganekogorta eta Gorbea) izan zituzten, eta besteak eskualdearena (Enkarterriak). Ibilbidean zehar, era guztietako ekintzak egon ziren; besteak beste, dantza, musika eta dastaketak. Gainera, Euskal Idazleen Federazioari ere omenaldia egin zitzaion, euskara sustatu eta hedatzeagatik.

Gorka Fernandez Zubi Zaharra ikastolaren zuzendariak Balmasedara joandakoak "asko" izan zirela azpimarratu zuen, bai euren ibilgailuetan bai Fevek jarritako trenetan. Fernandezek adierazi zuenez, bildutako dirua Zubi Zaharra ikastolaren eraikin berria ordaintzeko erabiliko da. Haur, lehen eta bigarren hezkuntzako 300 ikasle inguru ditu egun ikastola horrek.

Azkenik, Ibilaldiko zozketaren (auto bat zozketatzen zen) zenbaki sarituaren berri eman zuten: 34.547

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta