2007/05/14
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bakearen alde abian jarri duen programa pilotuan 300 bat ikasle ari dira parte hartzen eta, besteak beste, ETAren eta GALen biktima izan diren lagunen testigantzak zuzenean jasotzeko aukera izango dute.
Juan Jose Agirrezabala Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak eta Jon Landa Justizia Saileko Giza-eskubideen zuzendariak agerraldia egin dute Bilbon egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Proiektua isilpean ez dutela izan adierazi dute, baina emaitza eraginkorrak lortu asmoz zuhurtziaz jokatu dutela nabarmendu dute.
Landak iragarri duenez, esperientzia pilotu honen emaitzak aintzat hartuta uda amaieran lehendabiziko zirriborroa prestatuko dute. Prozesua talde parlamentario guztiei irekita dagoela azpimarratu du.
Bakearen kultura eta giza-eskubideen errespetua sustatzeko proiektua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan ari diren ikasleei zuzenduta dago. Programan EAEko sei ikastetxe ari dira parte hartzen (Bizkaiko hiru, Gipuzkoako bi eta Arabako bat). 14 ordu erabiliko dituzte egitasmoari loturiko gaiak jorratzeko.