LAN-GATAZKA IRAKASKUNTZAN

Greba Araban: Grebalarien kopurua erdira murriztu du Hezkuntza Sailak

2007/05/16

Langileen %60k egin du greba, sindikatuen arabera; %30ek, Jaurlaritzaren esanetan. Zer egingo duzu umeekin? Kontatu eitb24ko blogean.

Hezkuntza ez unibertsitarioko hezkuntza-zentroetan deitutako grebak bigarren eguna izan du gaur. Atzokoan Gipuzkoan gertatu zen bezala, jarraipenaren inguruko zenbaki-dantza izan da Araban ere. Hala, sindikatuen arabera, langileen %60k egin du greba. Jaurlaritzak erdira murriztu du kopuru hori, bere esanetan, %34k egin du bat deialdiarekin.

Jaurlaritzaren datuak

Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak %34an ezarri du Arabako ikastetxe publikoetan deitutako grebaren jarraipena.

Haren esanetan, 2006ko azaroko grebarekin alderatuta, txikiagoa izan da eragina. Orduan, langileen %53k egin zuten bat deialdiarekin, oraingoan baino %20 gehiagok.

"Irakasle gehienek ez dute grebarik egin eta atzo ere gauza bera gertatu zen Gipuzkoan", azpimarratu du sailburuak. Ohartarazi duenez, 2006ko grebaren datuak sindikatuek emandakoak dira.

Nabarmendu duenez, "sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren artean dauden liskarrak ez dira greba bat deitzeko nahikoa". Hala, argudiatu duenez, "mahai baten inguruan bilduta konpon ezin daitekeena, ezingo da tankerako mobilizazio batekin konpondu. Grebek ez dute komunikazioa ahalbideratzen".

Sindikatuen bertsioa

Sindikatuen arabera, ordea, gehiago izan dira lanuztea egin duten beharginak. Iñaki Aguirre LAB sindikatuaren bozeramailearen arabera, Arabako hezkuntza ez unibertsitarioko langileen %60k egin du bat gaurko deitutako greba egunarekin. Hala, hainbat zentro itxita daude eta 1.000 irakasleetatik gora etxean geratu dira gaur, betiere datuon arabera.

Greba deitu duten ELA, LAB, UGT eta STEE-EILAS sindikatuek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurrean, Gasteizen.

Atzo Gipuzkoan gertatu zen bezala, Araban ere babes "zabala" izan du deialdiak. Aguirreren esanetan, hainbat eskola itxita daude gaur Gasteizen, Agurainen, Kanpezun, Araian, Aramaion, Izarran, Gopegin eta Valdegobia/Gaubean, besteak beste.

Jaurlaritzak eta CCOO sindikatuak lortutako aurre-akordioa gogor kritikatu du LAB sindikatuak, haren ustez "grebari babesa kentzea izan baitu asmo". Horren harira, akordioaren nondik norakoak ezagutzen direnean (hilabeteren buruan) mobilizazioak berrartzeko asmoa dutela ohartarazi du: "Aurre-akordio hori gainditu behar da eta eskolen beharrak bete behar dira", esan du.

Aguirreren esanetan, hizkuntza-eskakizuna ez izateagatik egonkortasuna galdu duten irakasleek "beste aukera bat izango dute" eta hori, haren ustez, "bidegabea" da.

Salatu duenez, Hezkuntza Sailak "ezin izan du bermatu lan eskaintza publikoko plaza guztiek bigarren hizkuntza-eskakizuna izatea; hain zuzen, hizkuntza-ereduen sistemaren aldaketak irakasle euskaldunak behar ditu".

Greba gehiago

Aguirrek gogorarazi duenez, ostiralean irakasleak ez diren eskoletako langileak daude grebara deituta; besteak beste, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hezkuntza bereziko beharginak eta garbiketa zerbitzuko, sukaldeko eta autobusetako langileak.

Horrez gain, maiatzaren 24an EAEko hiru lurraldeetako irakaskuntza ez unibertsitarioko langileen, irakasleak eta irakasle ez direnak, greba dago.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta