2007/05/05
Egoera baretzen ari da Nafarroan eta Lapurdin, atzoko euriteek sendi bereko hiru lagun hil eta hainbat herritan kalte material larriak eragin eta gero. Orain, garbitze lanek dute lehentasuna.
Hiru hildakoen aldeko hileta-elizkizunak astelehen arratsaldean egingo dituzte, Baionako San Andres elizan.
Badaezpadako alerta egoera piztuta badago ere, egoerak ez du txarrera egingo. Ekaitzak izango dira, baina ez dute atzokoek beste indarrik izango, eguraldiaren iragarpenaren arabera.
Lapurdin
Azkainen eta Senperen kalte larriak izan dira: 100 etxebizitzak baino gehiagok eta denda ugarik jasan dituzte ondorioak, batik bat.
Azken herri horretan, gainera, lakuak eta bi ibai nagusiek gainez egin dute. Denda bakarra dago irekita eta ikastetxeak gutxienez aste osoa itxita izango dira.
Nafarroa
Arraiotzen eta Elizondon hainbat kale lokatzez eta zaborrez beteta daude. Gainera, urak hainbat ibilgailu eraman ditu.
Uholdeek etxe, denda eta errepide askori kalte egin diete. Gaur, halere, sare nagusiko errepide guztiak irekita daude. Ez, ordea, baserrietara heltzeko bide batzuk.
Zugarramurdin, Saran (Lapurdi) bezala, leizeak itxi behar izan dituzte. Uholdeek kalte handiak egin dituzte horietan.
Gipuzkoa
Gipuzkoan alerta egoera ezarri dute, 07:00etan, itsasgorarekin batera, ibaiek gainez egingo zuten beldur baitziren. Edonola ere, azkenean ez da arazorik jazo.
Denboraleak eragindako kalteen inguruko argazkirik edo bideorik baduzu, bidaliguzu zuKZri erremintara.