ZERRENDEN INPUGNAZIOA

Estatuko Abokatuak ANVren 122 zerrenda inpugnatu ditu eta Fiskaltzak, 110

2007/05/04

Estatuko Abokatutzak 122 zerrendaren aurka egin du eta Fiskaltzak, 110en aurka; orotara, 133 inpugnatu dituzte. Auzitegi Gorenak bihar du erabakia emateko azken eguna.
Joaquín de Fuentes Bardaji, Estatuko abokatu nagusia. Argazkia EFE

argazkia handitu

Joaquín de Fuentes Bardaji, Estatuko abokatu nagusia. Argazkia EFE

Gobernuak, Estatuko Abokatuaren bitartez, maiatzaren 27ko hauteskundeetarako ANV-Eusko Abertzale Ekintzaren 122 hautagai zerrenda (256 aurkeztu ditu) baliorik gabe uztea eskatu du. Fiskaltzak, berriz, ANVren 110 zerrendaren aurka egin du.

Hori jakinarazi zuen Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuko abokatu nagusiak, atzo 16:30ak aldera, aipatu hautagaitzen kontrako inpugnazioak Auzitegi Gorenean aurkeztu ondoren.

Badajiren esanetan, Estatuko Abokatutzak ANV-EAEren zerrendak inpugnatzeko erabilitako irizpidea ondokoa izan da: Batasunarekin lotura duten hautagaiak agertzen diren hautagaitzak identifikatu eta, hautagai horiek gutxienez zerrenda osoaren %20-30 badira, aurka-egitea erabaki dute.

Candido Conde-Pumpido fiskalburuaren arabera, Fiskaltzak "zuzenbide irizpideak" eta "irizpide juridikoak" soilik erabili ditu inpugnazioak sartzeko. Bere esanetan, legez kanpo utzitako Batasunak "erabili, zuzendu edo manipulatu" dituen hautagaitzen kontra egin dute, "frogak" eskuan.

Estatuko Abokatuak, besteak beste, Bilboko eta Donostiako hautagaitzak baliogabetzeko eskatu du, ez, ordea, Gasteizkoa eta Iruñakoa.

Fiskaltzak, berriz, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko zerrenden aurka egin du; ez, ordea, Iruñako hautagaitzaren kontra.

Hautesle-errolda gabe

Bestalde, Estatuko abokatutzak eta Fiskaltzak eskatutakoari jarraituz, Auzitegi Gorenak ez die inpugnatutako 253 hautesle elkarteei hautesle-errolda emango, "ETAren jomugan inor jartzea saihesteko". Hain zuzen, argudio hori erabili du Estatuko abokatutzak hautesle elkarteei errolda ez emateko: "Sarritan atentatuak egiteko eta mehatxatzeko erabili izan dira erroldak", Estatuko abokatutzaren idatziaren arabera.

Goreneko 61eko salak inpugnatutako zerrendei 20:00ak arteko epea, eman die alegazioak aurkezteko.

Auzitegi Goreneko 61eko sala osatzen duten hamasei magistratuak 17:00etatik aurrera bildu ziren atzo, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak AS (Abertzale Sozialistak) eta beste hautagaitza independenteetako hautesleen elkarteen aurka egindako inpugnazioak aztertzeko.

Alabaina, Goi Auzitegiak zehaztu duenez, magistratuek beste bilera batzuk ere egin dituzte aurretik, atzo goizean, esaterako.

Goreneko sala bereziak bi eguneko epea du erabakia hartzeko, baina seguruenik bihar arte ez du horren berri emango, eta hurrengo astea izango du Auzitegi Konstituzionalak, kanpaina hasi baino lehen azken erabakiak emateko.

Estatuaren abokatuak eta Estatuko fiskal nagusiak Abertzale Sozialisten hautesle elkarteen zerrenda guztiak eta bestelako izena duten hautesle elkarte batzuk inpugnatu dituzte. Hain justu, 250 hautagaitza inpugnatu ditu Fiskaltzak –ASBren 244 eta 6 independente- eta 253 Estatuaren abokatuak –Abertzale Sozialisten Batasuneko 246 eta zazpi independente-.

Horrez gain, PPk txosten propioa aurkeztu du Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren zerrenden inguruan eta Auzitegi Goreneko 61eko salari eman dio. Besteak beste, alderdi hori Batasunaren menpe dagoela eta legez kanporatzeko eskatu du alderdiak. Fiskaltzari eta Estatuko abokatutzari ere txosten hori helaraziko die PPk.

Batasunak PSOEri: "Demokraziaren aurkako erasoekin egoera amildegiaren muturrera eramaten ari zarete"

Hasier Arraiz Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak ohartarazi duenez, "Euskal Herriko egoera politikoa amildegiaren muturrean jartzen ari dira" sozialistak. Horren ildoan gaineratu duenez, "demokraziaren aurkako eraso hauekin euskal gizartearen pazientzia" agortzen ari dira.

Horri aurre egiteko, ezker abertzaleak mobilizazio egitarau bati ekingo dio larunbatean, Gasteizen egingo duen manifestazioarekin.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta