2007/05/03
Ostegun honetan Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak ANV-EAE (Eusko Abertzale Ekintza) alderdiko zenbait hauteskunde-zerrendaren aurka egingo dute. Alderdi legal baten zerrenden aurkako inpugnazioak egiten diren lehen aldia izango da hau.
Aurretik ez da honelako kasurik egon, beraz, zerrendok baliogabetzeko zeintzuk argudio erabiltzen dituzten ikusi beharko da.
Printzipioz, zerrenda batzuen aurka egitea besterik ez da espero. Dena den, baliteke hautagai bakarraren aurka egitea hauteskunde-zerrenda osoaren kontra egin beharrean.
Hala ere, arazoa ez da batere erraza, izan ere, ANV-EAE alderdi legala da eta ez dago horri buruzko jurisprudentziarik. Hauteskunde Legeak edo Alderdien Legeak barneratzen dituzten arau guztiek ez diote ezer legeak ezartzen duen kontrola aspaldi igaro zuen alderdi bati buruz.
Beraz, hutsune legala dago. Baliteke, hala ere, hutsune legal horri aurre egiteko Exekutiboak eta Auzitegiek interpretazio hedakorra egitea, hau da, plataformentzako aurreikusitakoa alderdiari ezartzea.
Zaila da ANV-EAE legez kanpo uztea
Zaila da ANV-EAE legez kanpo uztea (iragan larunbatean, Baltasar Garzon epaileak alderdi horren jarduerak ez etetea erabaki zuen Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren txosten bat jaso eta gero. Epaileak ANVk ez duela ez ETArekin ez Batasunarekin loturarik ondorioztatu zuen), baina horrek ez du eragotziko alderdi horretako zerrenda "zehatz" batzuk inpugnatzea. Dena dela, inpugnazio hori ezingo da oinarritu zerrenda horietan Batasunarekin lotutako jende kopuru zehatz bat egotearen teorian, Auzitegi Konstituzionalak 2003ko maiatzaren 13ko epaian zehaztu zuenez.
Konstituzionalak adierazi zuen alderdi bat desegiteagatik bertako kideek ez dutela ondorengo hauteskundeetan aukeratuak izateko eskubidea galtzen, beraz, pertsona horiek agertzen diren zerrendak soilik legez kanpo utzi daitezkeela zerrenda horiekin legez kanpo utzitako alderdia "berrindartu" nahi dela frogatzen bada.
Hala, Auzitegi Gorenak Batasunarekin lotutako hautagaiak egote hutsagatik zerrendak inpugnatu daitezkeela esan duen arren, Auzitegi Konstituzionalak zehaztu du horrek bakarrik ez duela balio, "beste elementuren batek" ez badu frogatzen hautagaitza hori "bertan behera utzitako alderi bati jarraipena emateko sortu dela".
Epai horri jarraiki, Abertzale Sozialistak izena duten hautagaitzen kasuan, berriz, askoz ere errazagoa da inpugnatzea, Batasuneko buruzagiek publikoki esan baitute euren zerrendak direla.
Batasuneko hautagai ohi bat aurkez daiteke beste alderdi batean?
Batasunarekin harremanen bat izan duen lagun batek badu eskubiderik beste alderdi bateko zerrendetan aurkezteko? Hainbat juristen iritziak bildu zituen Radio Euskadik iragan astean horren inguruan eta hain esanetan, Legeak ez du argi ezartzen eta ez da lagun horien eskubideak propio babesteko agindu zehatzik.
Dena dela, gogorarazi zutenez, erakunde armatuko edota Batasuneko kideak izandakoak partaide zituen alderdiak egon izan dira eta "ez da inongo arazorik izan".
Miguel Castells Zuzenbidean katedradunak Radio Euskadiri azaldu zionez, Batasunarekin nolabaiteko harremana izateagatik zerrenda batzuk legez kanpokotzat jotzea pertsona horren oinarrizko eskubidea urratzea da. "Beste hautes-zerrenda batean parte hartzeko duen eskubidea kendu diote lagun horri. Baina zergatik? Eskubide gabezia horrek zigor arloko isuna dakar, oinarrizko eskubidea kendu baitiote pertsona horri".
Haren hitzetan, "esklusio sozialera zigortu dute pertsona hori. Benetan larria da. Zigor Kodeak ez ditu isun hori eta gertaera bera biltzen. Zuzenbide liberalaren hainbat elementu urratzen ditu kontuak".
Radio Euskadik galdekatutako juristen arabera, zerrenda bat baliogabetzeko Batasunarekiko ondorengo dela eta legeari iruzur egin diola argudiatu beharko dute auzitegiek.
Alegazioak egiteko eta ebazpenak emateko epeak
Fiskaltzak eta Abokatutzak inpugnazioak egin eta jakinarazi ondoren, Auzitegi Gorenaren aurrean alegazioak egiteko epea zabalduko da. Epe hori ostiralean bukatuko da eta Gorenak larunbatean erabakiak hartzea espero da.
Igandean eta astelehenean babes helegiteak jar ditzakete interesatuek Konstituzio Auzitegian eta auzitegi horrek izango du azken hitza. Erabakia datorren ostegunean eman beharko du, gaueko hamabiak baino lehen, hauteskunde-kanpaina abiatu aurretik.