2007/04/18
Lucinda Roy Cho Seung-Huiren ingelerazko irakasleak aspaldi aurreikusi zuen haren ikaslearen amorrua begi bistan zegoela, eta agintari akademikoengana eta Poliziarengana jo zuen, arriskua zela ohartarazteko. Astelehenean 32 ikasle hil zituen Chok eta bere buruaz beste egin zuen horren ondoren.
Chok ez zuela inoiz armez edo hiltzeaz hitz egin adierazi du Royk, baina haren idazkiak kezkagarriak zirela eta indarkeriaz betetako testuez josita zeudela zehaztu du. "Makabroa eta maltzurra zen indarkeria, eta inoiz imajinatu gabeko armak agertzen ziren Choren idazkietan", irakasle horrek aditzera eman duenez.
Ezagutzen zutenek "bakartia" zela diote.
Orain arte ez dago batere argi zerk bultzatu zuen 33 lagun hiltzera eta ondoren bere buruaz beste egitera.
Edonola ere, AEBetako zenbait hedabideren arabera, Seung Huik ohar bat utzi zuen logelan sarraskia egin baino lehen. Ohar horretan, antza, unibertsitateko "ume aberatsak", "hitzontzi gezurtiak" eta "gainbehera" kritikatu zituen. "(Sarraskia) Egitera behartu nauzue", gaineratu zuen.
Halaber, New York Post egunkariak jakinarazi duenez, "Ismail Ax" hitzak esku batean gorriz idatzita zituen ikasleak bere burua hil zuenean. Kazeta horrek uste du Bibliako edo Koraneko pasarte bateko hitzak izan litezkeela.
Tiratzaile bakarra
Sarraskia bi fasetan egin zuen. Lehenengo tiroketan bi pertsona hil zituen. Gero, handik eta bi ordura, Ingeniaritza fakultatean tiro egin zuen. Han gainerako biktimak hil zituen.
Agintariek baieztatu dute gutxienez bi pistola erabili direla sarraskia egiteko. Hala ere, hego korear ikaslea izan dela tiratzaile bakarra uste dute, erabat ziurra ez badute ere.
Zauritutako zazpi pertsona, larri
Bestalde, inguruko ospitaletara eramandako zazpi zauritu larri daude oraindik eta sendagileek esandakoaren arabera, horietako askok bala zauriak dituzte. Beste asko, alde egin nahian leihoetatik salto egin zutenean zauritu ziren.
Erasotzailea Norris Hall eraikinean sartu eta tiro egiten hasi zenean, hainbat ikasle nahiz irakasle handik irteten saiatu ziren, baina ezin izan ziren ikasgeletatik irten, tirotzaileak ateak kateatu zituelako.