DOKUMENTAZIOA

Armak izatea, AEBetan inon baino errezago

2007/04/17

Armak izateko eskubidea hizpide da berriro AEBetan, atzo Virginako unibertsitatean 33 pertsona hil eta gero.

"Estatu askea defendatzeko beharrezkoa bada", armak izateko, zentzuz erabiltzeko eta milizia bateko kide izateko eskubidea bermatzen du AEBetako Konstituzioak. Edonola ere, artikulu hori 1787 urtean idatzi zuten, hau da, duela 200 urte baino gehiago.

Armen inguruko datuak AEBetan:

- Arma bat izateko baldintzak ezartzeko legedia ezberdina da Estatu bakoitzean. Alkohola, Tabakoa, Suzko Armak eta Lehergailuak Kontrolatzeko Bulegoak (ATF ingelesez) baldintza eskas batzuk baino ez ditu eskatzen: 18 urte izatea errifleen, arma luzeen eta ehizatzeko armen kasuan; 21 urte izatea eskuko armen kasuan; armak erabiltzea debekatuta ez izatea eta arma bat lortzeko idatziak ez faltsutzea.

- Behin baldintza horiek beteta, ATFn formulario bat betetzea eta hatz-aztarna inprimatzea baino ez da behar.

- Ez da baimenik behar etxean arma bat izateko.

- Kaletik arma bat eramateko baimena Estatu batzuetan baino ez da beharrezkoa. Edonola ere, oso erraza da hori lortzea, eta Estatua bera da horretarako baldintzak ezartzen dituena.

- Kaletik arma bat eramatea norberaren defentsarako eskubidea da AEBetako 50 Estatuetako 38tan.

- Ez dago nazio mailako erregistrorik.

- Estatuek baldintza gehiago ezar ditzakete arma bat izateko. Massachusetts-en eta Maryland-en, adibidez, legea zorrotzagoa da. Washington DCn eta New Yorken beste horrenbeste gertatzen da.

- San Frantziskok suzko armak izatea eta saltzea debekatzea erabaki zuen 2005ean, herri-galdeketa bidez.

- 2000 urtean AEBetan izan ziren 15.517 hilketetatik %66 suzko armak erabiliz egin zituzten, Ikerketa Bulego Federalak (FBI) egindako kalkulu baten arabera.
- Uste da AEB dela mundu osoan arma pribatu gehien dituen herrialdea, baina ez dago hori baieztatzen duen datu ofizialik.

- Iritzi publikoa armak izateko legeak zorroztearen alde dago, batik bat Virginiako gertakarien antzekoak ikusi ondoren. The Washington Post egunkariak 2001ean publikatu zuen inkesta batean parte hartu zutenen %59 legeak zorroztearen alde zeuden.

- Legeak zorroztearen alde bai, baina debekatzearen alde ez.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta