2007/04/17
Bi tiroketa izan ziren atzo Virginiako (AEBak) Unibertsitate Politeknikoan eta gutxienez 33 lagun hil dira eta beste 21 zauritu. Ustezko erasotzailea ere hil da, bere buruaz beste eginda, Poliziak aditzera eman duenez.
Lehen tiroketa 07:15ean (13:15 Euskal Herrian) jazo da, Est Ambler Johnston ikasle-egoitzan. Pertsona bat hil da han.
Handik eta bi ordura, beste tiroketa bat izan da Ingeniaritza fakultatean, eta han gainerako biktimak hil dira.
Gutxienez 21 pertsona zauritu dira, baina ez dago argi larritasun maila. Hori dela eta, heriotza gehiago izan litezkeela uste dute.
Charles Steger unibertsitateko presidenteak esan du ez dakitela nor zen erasotzailea, ez zeramalako nortasun agiria.
Erasotzailea biktimetako baten mutil-laguna zela zabaldu zen arren, Unibertsitateko Polizia buruak ez du datu hori baieztatu.
"Aukera guztiak ikertuko ditugun arren, nahiko argi dago ez dela ekintza terrorista izan", esan du FBIk.
Ez dute baztertzen bigarren erasotzaile bat egotea
Bigarren erasotzaile bat egotea ere ez dute baztertu, baina ikerketek aurrera jarraitzen dutela besterik ez dute esan.
Hala ere, sarraskiaren lekuko batek komunikabideei esan die itxura asiarreko pertsona altua zela erasotzailea eta larru beltzeko jaka zeramala.
Erasotzaile bakarra izan bada, agintariek ez dakite oraingoz nor izan den. Hala ere, Wendell Flinchum Unibertsitateko Polizia buruaren esanetan, egin dute aurretiko identifikazioa eta ikaslea ez dela baieztatu dute.
Polizia iturrien arabera, erasotzaileak 9 milimetroko kalibreko pistola bi erabili zituen eta ez zeraman identifikaziorik.
Balistika analisiek ebatziko dute bi orduko tartean gertatutako ekintza biak lotuta dauden, Poliziaren arabera.
Sarraskiaren lekuko izan da eta bizirik atera da
Bestalde, Derek O¿Dell ikasleak CBS telebista katean esan duenez, gizona alemanezko klasean sartu zen eta ikasle bati eta irakasle bati egin zien tiro lehenengo eta gainerako ikasleei, ondoren.
"Idazmahai baten azpian ezkutatu nintzen", esan du besoan zauri bat egin zuen O¿Dellek. "15 eta 20 pertsona artean zeuden klasean eta 10 edo 15i egin zien tiro", gehitu du.
Polizia handik gutxira iritsi zen eraikineko bigarren solairura eta gizona hilda aurkitu zuen buruan tiro bat zuela.
Bi ordu lehenago, handik kilometro batera, unibertsitateko logeletako batean bi ikasle hil zituen erasotzaileak.
Zenbait ikasle kexu azaldu dira unibertsitateak ez zuelako bidali lehen posta elektronikoa lehen tiroketa gertatu eta bi ordu igaro arte. Horrez gain, mezu horren bidez Unibertsitatea itxita zegoenik eta klaseak bertan behera utzi zituztenik ez zietela jakinarazi salatu dute.
AEBetako unibertsitate batean izandako sarraskirik odoltsuena
Atzokoa AEBetako unibertsitate batean izandako sarraskirik odoltsuena izan da. Bigarrena Texasen jazo zen 1966an. 16 lagun hil ziren orduan.
Wendell Flinchum Virginiako unibertsitateko poliziaburuak zehaztu duenez, lehenengo tiroketa "ezbehar bakana" izan zela uste zuten eta, hortaz, ez zuten campusa hustu.
Ikasleek salatu dute berandu jaso zutela gertatutakoaren inguruko informazioa. Hain zuzen ere, polizia asko eta hamarnaka anbulantzia bertaratu zirelako jabetu ziren egoeraren larritasunaz.
Bushen adierazpenak
Bestalde, George W. Bush AEBetako presidenteak tristura adierazi eta biktimen eta haien senideen omenez otoitz egingo duela esan du.
"Eskolak seguruak izan behar dira. Santutegi hori urratzen denean, eragina AEBetako ikasgela eta komunitate guztietara ailegatzen da", gaineratu du.