2007/03/28
Iragarpen fidagarria egiteko goiz bada ere, meteorologoak ari dira Aste Santuko oporrei begira. Joera meteorologikoari erreparatuta, eguraldi egonkorra izango dugu apirilaren hasieran, Edorta Roman Radio Euskadiko eguraldi-gizonak jakinarazi duenez.
Dena dela, Euskalmet Meteorologia Euskal Agentziak gogoratu duenez, hiru edo lau egunera egiten diren iragarpenek %90eko fidagarritasuna dute; hortik aurrerakoek gutxiago. Hori horrela, oraindik egun batzuk itxaron beharko ditugu iragarpen zehatza ezagutzeko.
Dagoeneko badakiguna da martxoak euritsu alde egingo duela eta apirila ere tankeran hasiko dela. Datozen egunetako iragarpenei dagokienez, gaurko eguraldia eta tenperaturak aldakorrak izango dira, eta hodeiak eta ostarteak egongo dira Arabako eta Bizkaiko zeruetan. Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan, hodei gehiego egongo dira.
Egunak aurrera joan ahala, hodeiak gutxituko dira eta 14-15 graduko tenperatura maximoak egongo dira. Dena den, eguna bukatzen denerako hodei gehiago sortuko dira eta euria bota dezake, barnealdean batez ere.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena, meteorologiaren inguruko albiste guztiak dituen bloga, eta ikusi edo bidali eguraldiari buruzko argazkiak EiTBra.