KRONOLOGIA

Iñaki de Juana auzia: hiru gose-greba bi urtetan

2008/07/17

Abuztuaren 2an da kartzelatik irtetekoa, baina Fiskaltzak biziko den etxebizitza bahitzeko eskatu du. Presoak gose-greba hasi du hirugarrenez, pairatzen ari den "kanpaina mediatiko onartezina" salatzeko.
Iñaki de Juana greban egon zen aurreko aldia. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Iñaki de Juana greban egon zen aurreko aldia. Argazkia: EiTB

Iñaki de Juana Chaos 1987an atxilotu zuten, Madrilen, eta 3.000 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten 25 pertsona hiltzea egotzita.

1973ko Zigor Kodea oinarri hartuta epaitu zuten eta, horren arabera, 30 urteko zigorra bete zezakeen gehienez jota.

Legedi horretan bermatu zituzten eskubideei esker, 12 urte erredimitu zituen eta 18 urte espetxean egin ondoren, 2004ko urriaren 25ean aske geratu behar zuen.

Orduan, Auzitegi Nazionalak kalera irtetea galarazi zion, ikasketengatik lortutako aringarriak ukatu zizkion eta espetxetik ateratzeko beste egun bat ezarri zion: 2005eko otsailaren 9a.

PSOEtik eta PPtik gertu dauden hedabideek, alarma soziala argudiatuta, De Juana askatzea kritikatu zuten.

Hori horrela, donostiar presoa libre geratu baino hilabete lehenago, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak erakunde armatuko kide izatea eta mehatxuak egitea leporatu zion, 2004an Gara egunkarian argitaratutako bi iritzi artikulurengatik.

Hauxe da, hain zuzen ere, harrezkero gertatutakoaren kronologia:

2005eko urtarrilaren 10a: Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zion Iñaki de Juana Chaosi, Gara egunkarian argitaratutako bi artikuluren harira erakunde armatuko kide izatea eta mehatxu terroristak egitea egotzita, Fiskalak eskatu bezala.

2005eko urtarrilaren 11a: De Juanak kartzelan jarraitzea "lasaigarria" dela adierazi zuen Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak.

2005eko ekainaren 13a: Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak De Juana auzipetzea errefusatu zuen, bi iritzi artikuluetan deliturik ez dagoela iritzita. Erabaki horren ondorioz, presoa bi hilabeteren buruan aske gera zitekeen. Dena dela, Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen.

2005eko uztailaren 7a: Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehen Sekzioak espetxean jarraitzeko zigorra ezarri zion De Juanari, eta donostiar presoa auzipetzeko agindu zion Pedraz epaileari. Hilabeteren buruan, Pedrazek prozesua hasi zuen.

2005eko abuztuaren 22a: Bost espetxe funtzionariok Pedraz epailearen aurrean deklaratu zuten. De Juanaren artikuluen ondorioz euren buruak "mehatxatuta" ikusten zituztela adierazi zuten.

2006ko otsailaren 8a: Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Gobernuko Justizia ministroak iragarri zuen inputazio berriak "sortu" egingo dituztela ETAko kideak zigor pilaketen ondorioz kartzelatik irten ez daitezen.

2006ko ekainaren 29a: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 96 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen De Juanarentzat.

2006ko abuztuaren 7a: Iñaki de Juanak lehen gose-greba hasi zuen. 63 egunen ostean amaitu zuen.

2006ko irailaren 19a: Presoaren bizia arriskuan egotekotan, halabeharrez elikatzeko agindu zuen Auzitegi Nazionalak.

2006ko irailaren 20a: De Juana Chaos Algecirasko ospitalera eraman zuten, hainbat proba egin ziezazkioten. Egun hartan, presoa halabeharrez elikatzen hasi ziren.

2006ko urriaren 6a: De Juana Madrilgo Doce de Octubre zentroan ospitaleratu zuten.

2006ko urriaren 8a: Presoak lehenengo gose-greba amaitu zuen, 63 egunen ostean.

2006ko urriaren 9a: Eztabaida Eusko Legebiltzarrean: Taldeek ez zuten akordiorik lortu presoa askatzeko eskatzeko. EHAK-k aurkeztu zuen proposamena.

2006ko urriaren 10a: 96 urteko eskaera "neurrigabea" izan zitekeela onartu zuen Fiskaltzak. Aurreko egunean, hain zuzen ere, Ministerio Publikoak hasierako zigor-eskaera murriztu egingo zuela filtratu zieten hedabideei.

2006ko urriaren 17a: De Juana Doce de Octubre ospitaletik irten eta Aranjuezko espetxera eraman zuten.

2006ko urriaren 26a: Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalak uko egin zuen, De Juanari zigor-eskaera murriztu nahi ez ziolako.

2006ko urriaren 27a: De Juanaren aurkako epaiketa hasi zen. Egun hartan, idatzitako artikuluetan ez zuela mehatxu egin eta "kritika politikoa" baino ez zela deklaratu zuen presoak.

Bestalde, Fernando Burgos fiskalak bi zigor-proposamen aurkeztu zizkion epaileari: 4 urteko espetxe-zigorra De Juanak terrorismoa goratu zuela uste bazuen, edo 13 urtekoa presoak mehatxu egin zuela irizten bazion.

2006ko azaroaren 7a: De Juanak gose-greba hasi zuen, bigarrenez. Egun hartan, Auzitegi Nazionalak 12 urteko zigorra ezarriko ziola filtratu zen hedabideetan.

2006ko azaroaren 8a: Auzitegi Nazionalak De Juanarentzako zigorra jakinarazi zuen: 12 urte eta zazpi hilabete, mehatxu egitea egotzita.

Egun berean, epai hori bake-prozesuarentzat "oztopoa" izan zitekeela adierazi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, ETAk martxoaren 22an iragarri zuen su-etenaren harira.

Halaber, De Juanak gutuna igorri zion preso zegoen espetxeko zuzendariari, gose-greba "bururaino" eramango zuela ohartarazteko. Hurrengo egunean, helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen haren abokatuak.

2006ko azaroaren 24a: Presoa Madrilgo Doce de Octubre ospitalera eraman zuten, egin zioten azken odol-analisian "desorekak" atzeman zizkiotelako. Edonola ere, ez zegoela larri zehaztu zuten medikuek.

2006ko abenduaren 11: De Juanaren senideen esanetan, presoak hiltzeko arriskua zuela esan zuten medikuek.

2007ko urtarrilaren 14a eta 15a: Europako Batzordeko Torturaren aurkako Taldeko (CPT) zenbait kidek De Juana bisitatu zuten.

2007ko urtarrilaren 23a: Auzitegi Nazionala De Juanari behin-behineko askatasuna ematea aztertzen ari zela filtratu zen hedabideetan.

2007ko urtarrilaren 24a: Presoak Txalaparta argitaletxean zituen egile eskubideak bahitu egin zituen Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salak. Etxe horrekin hiru liburu kaleratu zituen De Juanak.

2007ko urtarrilaren 25a: Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko osoko bilkurak De Juanaren egoera ez aldatzea erabaki zuen. Hau da, presoak espetxean jarraitu beharko zuen. Handik eta egun batzuetara, haren abokatuak helegitea aurkeztu zuen.

Auzitegiaren epaiak polemika piztu zuen. Hasieran hiru epailek hartu behar zuten erabakia, baina azkenean Zigor Arloko Aretoko guztiek batera hartu zuten, auzitegiko hirugarren sekzioko presidenteak hala eskatuta. Aipatu hiru epaileak De Juanari behin-behineko askatasuna ematearen aldekoak ziren.

2007ko urtarrilaren 31: Euskal kulturaren munduko hainbat idazlek eta musikarik bisita egin zioten De Juanari.

2007ko otsailaren 5a: The Times britainiar egunkariak donostiar presoa elkarrizketatu zuen eta haren argazki batzuk publikatu zituen. Horietan, zeharo argalduta agertzen da De Juana. Prozesuaz galdetuta, presoak "elkarrizketaren" alde egin zuen.

2007ko otsailaren 8a: De Juanaren abokatuak aurkeztutako suplika-errekurtsoa errefusatu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salak. Hortaz, presoak espetxean jarraitu behar zuen.

2007ko otsailaren 9a: Eztabaida Eusko Legebiltzarrean: Presoari ezarritako zigorra "neurriz kanpokoa" dela adierazteko idatzia adostu zuten taldeek, baina De Juana Chaos baldintzarik gabe aske uzteko eskatzeko EHAK-k eta Aralarrek aurkeztutako proposamena errefusatu zuten.

2007ko otsailaren 12a: Auzitegi Gorenak 3 urtera murriztu zuen 12 urte eta 7 hilabeteko espetxe-zigorra, De Juanak bere artikuluetan "mehatxu ez terroristak" egin zituela eta terrorismoa goratu zuela iritzita.

Erabaki hori horrela, Espainiako Gobernuaren ardura da presoaren egoera aldatzea edo ez, zigorra etxean bete dezan ezar baitezake.

2007ko otsailaren 13a: De Juanak ez duela hirugarren gradua onartuko esan zuen Alvaro Reizabal haren abokatuak.

2007ko otsailaren 24a: Elikatzeko jarri zioten zunda kendu zuen presoak.

2007ko otsailaren 27a: Doce de Octubre Ospitaleko medikuek zunda nasogastrikoa jarri zioten berriz presoari. Donostiarraren osasun-egoerak txarrera egin zuen.

2007ko otsailaren 28a: Barne Ministerioak De Juanari zigorra arinduko ziola filtratu zuten egunkari batzuek.

2007ko martxoaren 1a: Madrilgo Doce de Octubre ospitaletik atera zen De Juana, eta Donostia Ospitalera eraman zuten. Espainiako Gobernuak bigarren gradua eman zion. Ondoren, De Juanak gose-greba amaitu egin zuen.

2007ko uztailaren 5a: ETAk su-etena hautsi zuen.

2007ko uztailaren 6a: Espainiako Gobernuak bigarren gradua kendu zion De Juanari, eta berriz ere Aranjuezen kartzelatzeko agindu zuen. Presoak uko egin zion elikatzeari, baina handik eta hiru egunera berriro elikatu zen.

2008ko uztailaren 13a: Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi zuen abuztuaren 3an geratuko dela aske De Juana, zigorra bete eta gero. El Mundo egunkariaren arabera, haren etxebizitza dagoen eraikin berean ETAren biktima batzuk ere bizi dira.

2008ko uztailaren 16a: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak De Juana biziko den etxea bahitzeko eskatu zuen (presoaren emaztearena da), biktimen kalte-ordainak ordaintzeko.

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak "mespretxua" agertu zion De Juanari egin zituen hilketak direla eta, baina zigorra bete duela eta, beraz, presoa "jazartzeari" utzi behar zaiola adierazi zuen.

Egun berean, De Juanak gose-greba mugagabea hasi zuen hirugarrenez, "beraren eta familiaren kontrako kanpaina mediatiko onartezina" salatzeko.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta