94 EGUN GOSE-GREBAN

De Juanak kartzelan jarraitu behar duela erabaki du Auzitegi Nazionalak

2007/02/08

Defentsak erreguzko errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenak iritzi artikulu birengatik ezarri zioten zigorraren inguruko ebazpena irten bitartean aske uzteko eskatuz. De Juana kasua aztertuko dute bihar Legebiltzarrean.
Iñaki de Juana Chaos

argazkia handitu

Iñaki de Juana Chaos

Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Sala bilduta egon da gaur goizean Alvaro Reizabal Iñaki De Juana Chaosen abokatuak jarritako erreguzko helegitea ebazteko. Presoari bi iritzi artikulurengatik jarritako 12 urte eta 7 hilabeteko zigorraren gainean helegitea jarri zuen Reizabalek Auzitegi Gorenean eta instituzio horrek erabakia kaleratu bitartean, presoa aske uzteko eskatu zuen Reizabal abokatuak gaur aztertu duten helegitean. Bigarren errekurtso hori datorren astelehenean, otsailak 12, aztertuko dute.

14:00ak aldera eman da ezagutzera Auzitegi Nazionaleko Salak hartutako erabakia: Reizabalen helegitea atzera botatzea erabaki dute, eta beraz, Iñaki de Juana Chaosek kartzelan jarraitu beharko duela, ospitalean, kasu honetan, eta bere borondatearen kontra elikatuta.

Auzitegi Goreneko Zigor-arloko Sala osatzen duten hamahiru magistratuek ETAko presoaren egoera ez aldatzea erabaki dute euren iritziz De Juanaren osasuna "arrisku larrian" jartzen duena ez delako "internamendua, ez jateko duen borondatea, baizik".

LABek Gobernuari eta PPri De Juanaren argazkia nola atera zenari buruz kezkatzea leporatu die, "adierazten duen errealitate gordinaz kezkatu beharrean"

Bestalde, LABek Gobernuaren eta PPren jarrera salatu du gaur. Izan ere, sindikatu abertzaleko ordezkariek uste dute gehiago kezkatzen direla Iñaki de Juanaren argazkia nola atera zenari buruz, "adierazten duen errealitate gordinaz kezkatu beharrean". Ildo horretan, presoaren egoera "benetan larria" dela eta "nahi omen duten bake prozesuarentzako beste oztopo bat" dela esan dute.

Lola Gomez LABeko Bizkaiko ordezkariak De Juana askatzeko eskatu du berriz ere.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrean eztabaida "beroa" espero da biharko. Batetik, De Juanaren gaia aztertuko dute eta bestetik EHAKren ilegalizaziori buruz hitz egingo dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta