2007/01/28
Audientzia Nazionalak atzo arratsaldean euskal legebiltzarkide izandako Gregorio Ordoņezen hilobiak jasandako erasoaren harira hasitako eginbideak helarazteko eskatu dio Ertzaintzari. Erasoaldi horren ondorioz, Ertzaintzak zortzi adin txikikori hilobiaren gainean ipinitako lore apaingarrietan triskantza eragitea egozten die.
Era berean, hogei eta hogeita bat urte bitarteko hiru heldu identifikatu dituzte gaur eraso horretan parte hartzeagatik.
Atzo arratsaldean Gregorio Ordoņezen hilobiko apaingarriei eragindako kalteen inguruan ikerketa hasi zuen Ertzaintzak, eta zortzi adingabe jo zituzten ustezko egiletzat. Ikerkuntzak jarraitu egin du gaur, eta ustez gertakari horretan parte hartu zuten beste hiru pertsona identifikatu dituzte. Dirudienez, eraso horrekin zerikusia izan zuten hogei eta hogeita bat urte bitarteko hiru gazte dira.
Ikerlari polizialek egindako atestatuaren arabera, gaur identifikatutako hiru gazteek (dagoeneko deklaratu dute Ertzaintzaren egoitzan) ordena publikoaren kontrako erasoak egin zituzten Egian, atzo arratsaldeko lehen orduetan. Zenbait zaborrontzi gurutzatu zituzten bidean; ustez adin txikiko gazteek Polloeko hilerriko erasoa burutzen zuten bitartean Ertzaintzaren arreta erakartzea zuten helburu.
Hiru gazteei gaur goizean deitu diete Euskal Poliziaren egoitzatik atzoko gertaeren aurrean erantzuteko. Ertzaintzak Adin Txikikoen Fiskaltzari eman dio atzo jazotakoaren berri. Azkenean, Audientzia Nazionalak ekintza terroristetan parte hartzeagatik inputatu ditu hamaika lagun horiek, eta ekintza horien inguruan hasitako eginbide guztiak igortzeko agindu dio Ertzaintzari.