IDAZLE BIZKAITARRA

Kirmen Uriberen poema-liburua AEBetan eta Kanadan kaleratuko dute

2007/01/10

"Bitartean heldu eskutik" liburuaren bertsio ingelesa salduko dute asteon.
Kirmen Uribe

argazkia handitu

Kirmen Uribe

Kirmen Uribe idazle bizkaitarraren poema-liburuak mugak gainditu ditu. Izan ere, Bitartean heldu eskutik lana asteon jarriko dute salgai AEBetako eta Kanadako liburu-dendetan. Liburua Graywolf argitaletxe estatubatuarrak, hots AEBetako poesia argitaletxe garrantzitsuenetakoak, merkaturatuko du.

Proiektuak PEN Club amerikarraren eta Lannan Translation Selection Fundazioaren (atzerriko hizkuntzetan idatzitako kalitatezko literatur lanen argitalpena sustatzen du instituzio horrek) diru-laguntza jaso du. Poema liburu hori gaztelaniara (Mientras tanto, dame la mano, Visor, 2004) eta frantsesera (En attendant, donnez-moi la main, Castor Astral, 2006) itzuli dute jadanik.

Uriberen zenbait poema AEBetako hainbat literatur aldizkaritan argitaratu izan dira orain arte, adibidez The New Yorker eta Circunference agerkarietan. Marylin Hacker literatura kritikariak poeta onenetarikoen mailan jarri du bizkaitarra: "Uribe giza arazoez kezkatzen da (sexuaz, heriotzaz, heldutasunaz, istorioez). Darwishen eta Zagajewskiren antzera, poeta unibertsala da".

Kirmen Uribe Ondarroan jaio zen 1970ean. Euskal Filologia ikasketak egin zituen eta itzultzaile, interprete, gidoigile eta idazle lanetan aritu izan da. Bere lehenengo literatur sorkuntza Lizardi eta erotismoa saiakera izan zen eta Becerro de Bengoa saiakera-saria irabazi zuen horrekin, 1995ean. 2000. urtean ere sari hori irabazi zuen Zazpi saio, zazpi lehio lanari esker. Bi urte geroago, Espainiako Kritikaren saria bereganatu zuen Bitartean heldu eskutik poema liburuagatik.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta