ATHLETIC CLUB

Gurpegi: "Bi urte jokatu gabe egongo naizela onartzen hasi naiz"

2006/08/01

Jokalari nafarraren arabera, bere auzian irregulartasun asko izan dira prozesuaren hasieratik eta argi dauka errugabea dela.
Carlos Gurpegi

argazkia handitu

Carlos Gurpegi

Carlos Gurpegi Athletic Clubeko erdilariak esan duenez, pixkanaka-pixkanaka onartzen hasi da Espainiako Futbol Federazioak ipini zion bi urteko zigorra bete egin beharko duela. 2002-2003 denboraldiko lehen neurketan egin zioten kontrol batean (Realaren aurka jokatu zuen Athleticek) jokalari nafarrak positibo eman zuen.

"Zigorra bete beharko dudala onartzen hasi naiz", adierazi du Gurpegik, eta, ondoren, "une gogorrak eta zailak" bizitzen ari dela onartu du; izan ere, denbora asko egon beharko du geldirik Andosillakoak.

Halere, itxaropen izpiren bat geratzen zaiola ere esan du jokalari zuri-gorriak; izan ere, nahiz eta gauzak oso oker egon Gurpegirentzat, Auzitegi Konstituzionalak bi urteko zigor hori bertan behera utzi lezake behin-behinean.

"Jokatu gabe denbora asko egongo naizela ahalik eta azkarren onartzen badut hobeto izango da niretzat. Bestea beti hor egongo da (Konstituzionalak bere zigorra bertan behera uztea behin-behinean), baina berriz ere beste kolpe bat ematen badidate betikora itzultzea izango litzateke. Horregatik, hobea da jokatu gabe egon beharko dudala onartzen hastea", errepikatu du Andosillakoak.

Auzitegi Nazionalak igorritako epaiari buruz hitz egiteko egin dute agerraldia Gurpegik, Fernando Lamikiz presidenteak, Sabino Padilla taldeko medikuak eta Jorge Carames jokalariaren abokatuak.

"Argi dago ez natorrela bat epaiarekin", azpimarratu du Gurpegik. "Hasieratik irregulartasun asko izan dira prozesuan", esan du Athleticeko erdilariak. Gainera, Gurpegiren ustez, 2003an, 19-norandrosteronagatik positibo eman zuenetik, bizitzen ari denak errealitatearekin baino "politika" edo "mafia" afera batekin zerikusi gehiago du.

Dena den, jokalariak ez du etsitzen. "Betidanik errugabea sentitu naiz eta azkeneraino joango gara. Eurak (epailak) oporretan joango dira, baina gu hemen izango gara", esan du jokalari nafarrak.

Azkenik, Gurpegik argi dauka taldekideen, lagunen, zaleen eta familiaren babesari esker, igarotzen ari den une latza leunagoa izango dela.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta