NAZIOARTEKO BISITA

Txilek euskal bake-prozesuari emandako babesa eskertu du Ibarretxek

2006/10/20

Lehendakaria Iquiquen izan da, EHUk eta Txileko Arturo Prat Unibertsitateak elkarrekin garatuko duten Zuzenbide arloko doktoretza programa baten inaugurazioan.
Ibarretxeren azken bisita Txilen

argazkia handitu

Ibarretxeren azken bisita Txilen

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eskerrak eman dizkio gaur Txileko herriri, Senatuan onartutako adierazpen baten bidez euskal bake prozesuari babesa agertzeagatik eta laguntza horrekin "bake prozesua garatzen eta amaierara eramaten" saiatuko direla nabarmendu du, euskal gizarteak bere "etorkizuna bakean eta askatasunean erabaki dezan".

Lehendakariak Euskal Herriko Unibertsitateak eta Iquiqueko Arturo Prat Unibertsitateak elkarrekin garatuko dute Zuzenbideko doktoretza programa baten inaugurazio ekitaldian egin ditu adierazpen horiek, Txilera egin duen bisita ofizialaren baitan.

Aurrez, errektoreekin bildu da Ibarretxe eta berarekin izan dira Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Iñaki Aguirre Hirukoaren Kanpo Gaietarako idazkari nagusia.

Euskal prozesuarekiko babesa

Bere interbentzioan, Ibarretxek gogorarazi du Txilera iritsi eta handik ordu gutxira, herrialde horretako Senatuak onartutako adierazpen ofiziala helarazi ziola instituzio horretako ordezkaritza batek eta testuaren hainbat zati irakurtzeko aprobetxatu du gaurko inaugurazio ekitaldia; Txileko Goi Ganberak "indarkeriarekin eta banaketarekin amaitzeko, eta horren ordez, eskubide politiko guztiak indarrean egongo diren eta euskal herriaren borondate demokratikoa errespetatuko den eskenatoki berri bat sortzeko" abian jarri den prozesua goraipatzen duen pasartea, hain zuzen ere.

"Bene-benetan eskertzen dut euskal herritar guztien izenean, hemen, Iquiquen, Txileko Errepublikako Senatuak, txiletar guztiak ordezkatzen dituen instituzioak, egindako adierazpen finkoa. Zuen laguntzarekin, bake prozesua garatzen eta amaierara arte eramaten saiatuko gara" gaineratu du.

Bere interbentzioan, Euskal Herria bezain herri "zahar" batentzat zer nolako garrantzia duen horrek nabarmendu du: "Herri batentzat ez dago ezer garrantzitsuagorik horrela, herri bezala, aitortzea baino, eta gainera, Euskal Herri bezala existitzeaz gain, bere etorkizuna bakean eta askatasunean erabakitzeko eskubidea daukala aldarrikatzea", "Eskerrik asko prozesuak aurrera egin dezan eman duzuen laguntzagatik".

Bacheleten mezua

EAEko lehendakariak, gainera, eskerrak eman dizkio Txileko herriari, bere garaian bertara lan bila joan ziren euskal herritarrak horren ondo, "euren pareko gisa hartzeagatik".

Ekitaldiaren baitan, bestalde, Michelle Bachelet Txileko presidentearen mezua irakurri dute. Gogoan izan behar da, Juan Jose Ibarretxe Txilen izan zela iragan martxoan, Txileko presidentearen kargu hartze ekitaldian. Bacheletek doktoretzaren inaugurazioan ezin egon izana pena bat dela adierazi du oharrean eta ekimen horrek "arrakasta" izatea desio duela ere gaineratu du. Gainera, "agur bero bat" bidali die Ibarretxeri eta euskal ordezkari guztiei

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta