2008/08/31
Pelleranok, Negredok eta Cruisatek andaluziarren garaipena golekin sinatu zuten eta agerian utzi zuen Caparrosen jokalariek duten baliabide eta futbol falta, aurredenboraldi luzean erakutsi bezala.
Gutxi behar izan zuen Almeriak etxekoei errealitatea erakusteko. Talde andaluziarrak keinutxoa bakarrik egin eta zazpigarren minuturako kolpea eman zion Athletici min egiten duen lekuan. Coronak kornerra jaurti zuen, Chicok baloia ikutu eta beste zentralak, Pelleranok, gola sartu zuen inolako markaketatik aske, estrategia jokaldietan Caparrosenen ahuleziak argi eta garbi utziz.
Kolpeak noraezean utzi zuen Athletic eta Katedralera gerturatuko zaleengan urduritasuna piztu zuen, kirol arlokoak ez diren gaiekin nahiko arduratuta zegoen zaleengan, hain zuzen ere.
Bilbotarrak gorantza egiten saiatu ziren, baina ez zuten inola ere asmatu. Gol-aukera bakarra Susaetarena izan zen, baina Diego Alvesek gelditu polita egin zuen eibartarraren aurrean.
Aurrean, Almeria sendo agertu zen eta egin beharrekoak oso argi zituela. Kontraerasoaren bila aritu zen une oro eta etxekoak baino kontzentrazio handiagoa erakutsi zuen, 0-2koaren jokaldian ikusi bezala.
Urte bete jokatu barik egon den Casasek sekulako hutsa egin zuen Iraizozi baloia lagatzen saiatu zenean. Negredok sopeloztarraren baloia harrapatu eta kalitate eta erraztasun handiz baloia sarera bidali zuen. Madrildarrari erraztasun gehiegi eman zioten zuri-gorriek.
Zaleek ozenago txistu egin zuten orduan, baina zelaitik ez zen erantzunik heltzen. Erantzun bakarrak Gonzalo Arconadaren taldeak ematen zituen.
Atsedenaldiak ez zituen Athleticen ideiak argitu. Hasi eta gutxira Coronak, maisuki, Ortizi pasea eman zion eta almeriarrak hirugarrena sartzeko aprobetxatu zuen. Emaitza adierazgarria zen.
Ion Velezek, Aritz Adurizen ordezkoa izan behar duenak, itxaropenaren bidea zabaldu zuen Susaetaren pase ona gol bihurtuz.
Golak harmaila piztu zuen, baina denbora gutxirako. Epaileak penaltia adierazi zuen Brunok eskuarekin jo baitzuen baloia area barruan. Yestek hamaika metroetatik jaurti baina Alvesek baloia gelditu zuen. Handik aurrera, Yestek zale batzuen txistuak jaso zituen.
Teixeira Vitienesek amaierako txistua jo arte, ezer gutxi. Yesteren hutsak lur jota utzi zuen Athletic, eta Almeria nagusitasunez hiru puntuak eraman zituen Andaluzia aldera. San Mamesek Almeriako jokalariak txalotu zituen amaieran.
Fitxa teknikoa:
1.- Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Ocio, Ustaritz, Casas; Susaeta (David Lopez, 63'), Javi Martinez, Gurpegui (Orbaiz, 46'), Yeste; Etxeberria (Ion Velez, 46') eta Llorente.
3.- UD Almeria: Diego Alves; Bruno, Chico, Pellerano, Mane; Julio Alvarez, Juanito; Ortiz, Corona (Kalu Uche, 72'), Piatti (Crusat, 64'); eta Negredo (Solari, 76').
Golak:
1- Athletic. Ion Velez (57')
3- Almeria. Pellerano (7'), Negredo (33'), Ortiz (50')