2008/08/20
Las Palmasera 172 bidaiari zeramatzan Spanair (JK5022) konpainiako hegazkin bat pistatik atera da aireratzen ari zela, 14:45ean, eta T-4 terminaleko pistan lurra jo du.
Ibilgailuak su hartu du ezbeharraren ondorioz eta istripuan 153 lagun hil dira eta 19 ospitaleratu dituzte, Magdalena Alvarez Sustapen ministroaren hitzetan.
Istripua izandako tokian ke-zutabe bat sortu da, baina 16:30erako sua itzalita zegoen.
Madrilgo Udalak Suhiltzaileak eta SAMUR-Babes Zibileko taldeak jarri ditu Barajaseko aireportuko segurtasunaren arduradunen esku.
Guardia Zibileko iturrien arabera, Spanairren JK5022 hegaldia izan da istripua izan duena, eta Kanarietara zihoan..
172 pertsona zihoazen (bi umetxo eta 20 adingabe barne) istripua izan duen hegazkinean. Lekukoen arabera, hegazkinaren ezkerreko motorrak su hartu du aireratu eta gutxira. Barajasko aireportuak larrialdi egoera deitu du. Bidaiarien artean Nafarroako bizilagun bat, Jose Joaquin Perez de Obanos Liso, zihoan, baina oraindik ez dute jakitera eman hildakoen edo zauritutakoren artean dagoen.
Epaileen eta polizien arteko agintariek pabiloi handi bi egokitu dituzte IFEMAn, bata hildakoen senideak artatzeko eta bestea gorpuak identifikatzeko, iturri juridikoen arabera.
Hiru dolu egun
Madrilgo Erkidegoak eta Udalak hiru dolu egun ezarri dituzte ostegun honetatik aurrea, hegazkin istripuaren biktimen omenez.
Hala, eskualdeko zentro ofizial guztietako banderak haga erdian egongo dira 21ean, 22an eta 23an.
Las Palmaseko udalak ere hiru dolu egun ezarri ditu.
Istripua izandako hegazkineko bidaiarien 50 senide inguru biktimei buruzko berrien zain egon dira Barajaskeo aireportuan.
Bestalde, Spanairek 800 400 200 telefonoa jarri du zoritxarreko jazoeraren biktimen senideentzat.
Ikerketari dagokionez, Madrilgo 11 zenbakiko Instrukziozko Epaitegiko titularra arduratuko da horretan, eta dagoeneko aireportuan da.
Magdalena Alvarez Sustapen ministroak "tragedia handitzat" jo du asteazken honetan Barajasen izandako hegazkin istripua. Spanairek, bestalde, zergatiei buruz espekulatzea baino, beharrezkoa dena biktimei laguntzea dela esan du.
Barajasen gertatutakoa azken hamarkadan Europan jazotako hegazkin istripurik larriena izan da.