2008/07/22
Guardia Zibilak desegintzat eman du gaur goizaldean ETAren Bizkaia taldea, zenbait herritan egindako operazio baten ondorioz gutxienez 9 pertsona atxilotu eta gero.
Atxilotutakoen artean Arkaitz Goikoetxea dago. Poliziak erakunde armatuaren soldatapeko kide eta Bizkaia taldeko burua izatea egotzi dio. Bi emakumerekin batera atzeman dute Bilbon.
Askatasunak beste zortzien izen-abizenak baieztatu ditu: Gaizka Jareño Ugarriza (Elorrion atxilotua), Adur Aristegi Aragon (Elorrion), Iñigo Gutierrez (Algortan), Mikel Saratxo (Algortan), Aitor Kotano Sinde (Nigren, Pontevedra), Libe Agirre Mazaga (Fuengirola, Malaga), Maialen Zuazo (Bilbon) eta Ana Belen Prieto Furundarena (Bilbon). Guardia Zibilak ETAko kide "legalak" (Poliziak fitxatu gabekoak eta bizimodu "normala" dutenak) izatea leporatu die.
Polizia operazioa Bilbon, Getxon, Elorrion, Malagan eta Galizian egiten ari dira goizaldeko hiruretatik, eta oraindik zabalik dago. Hori dela eta, baliteke atxiloketa gehiago egitea.
Gaurko atxiloketekin, jada 87 pertsona atzeman dituzte aurten ETArekin lotuta daudelakoan.
Miaketak
Atxiloketak ez ezik, guardia zibilek zenbait miaketa ere egin dituzte. Horietako bat Bilboko Iturribide kalean dagoen etxebizitza batean egin dute. Barruan Arkaitz Goikoetxea bera eta harekin atzemandako bi emakumeak izan dituzte.
Iturribide kalea zortzi orduz baino gehiagoz izan dute itxita, 03:00etatik 11:50era. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea ere bertan izan da, baina 06:00etan alde egin du. Epailea Madrildik etorri da operazioa zuzentzeko.
Beste miaketa bat Atxurin (Bilbo) egin dute. Agenteek 09:00etan amaitu dute, eta bi kutxa zeramatzaten etxetik atera direnean.
Askatasunaren arabera, Algortan (Getxo) eta Elorrion ere egin dituzte arakaketak.
ETAren talde aktiboena
Poliziak azken urtean izan diren atentatu gehienak egin izana leporatzen dio erakunde armatuaren Bizkaia taldeari. Besteak beste, Legutioko (Araba) polizia etxearen aurka egindakoaren egilea litzateke. Atentatu hartan Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zuen ETAk, bonba-auto bat eztandaraziz.
Taldeari leporatzen dizkioten beste atentatu batzuk hauek dira: Guardia Zibilak Durangon duen komisariaren aurkakoa, Getxoko eta Sestaoko Epaitegien kontrako bonbak, PSEk Bilbon eta Balmasedan dituen egoitzen kontrakoak, Ertzaintzak Zarautzen duen polizia-etxearen aurka egindakoa eta Guardia Zibilak Calahorran (Errioxa) duen kuartelaren kontrakoa.
Dena dela, oraindik ez dute argitu Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohia ere Bizkaia taldeak hil zuen.
Ikerketa
Informazio agentzien arabera, Guardia Zibilak asteburuan lortu zituen gaurko operazioa abiatzeko "azken datuak", Bizkaia taldeko zenbait kidek Nojako eta Laredoko (Kantabria) atentatuak gauzatzeko egindako mugimenduei esker.
Ikerketako iturriek, gainera, Legutioko atentatua "giltza" izan zela esan dute, ETAko kideek ihes egiteko erabili zuten autoetako batek ez baitzuen su hartu, dispositiboak huts egin zuelako.
Ibilgailuaren barruan, agenteek objektu batzuk atzeman zituzten, atentatuaren egileetako baten buru-berokia, kasu.
Askatasunaren eta TATen salaketak eta eskaerak
Bestalde, Askatasunak kezka agertu du Guardia Zibilaren esku egonda atxilotutakoek torturatuak izateko "arrisku larria" dutelako. Halaber, PSOEren Gobernuak "bide polizialetan itsutua" jarraitzen duela salatu du.
Gainera, azken 30 urteetan 35.000dik gora pertsona atxilotu dituztela eta horrek ez duela "ezertarako balio" izan salatu du.
Bere partez, Torturaren Aurkako Taldeak 2007an inkomunikazio egoeran atxilotuta dauden pertsonen eskubideak bermatzeko iragarri zuen Protokoloa martxan jartzeko eskatu dio Baltasar Garzon epaileari. Hain zuzen ere, hiru neurri hartzeko eskatu dio: Senitartekoak informatuta edukitzea, konfidantzako mediku baten bisita baimentzea egunero eta inkomunikazioa uneoro grabatzea bideokamaraz.