ZORTZIGARREN ENTZIERROA

Azken entzierroa garbia eta ikusgarria izan da

2008/07/14

Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek 02:34 minutu behar izan dituzte ibilbidea egiteko. Animaliek ez dute arrisku handirik sortu, eta lasterkariek korrikaldi ikusgarriak egin ahal izan dituzte.
Azken entzierroak 02:34 minutu iraun du. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Azken entzierroak 02:34 minutu iraun du. Argazkia: EFE

Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek amaiera eman diete gaur aurtengo Sanferminetako entzierroei. Esan ohi denez, azken entzierroa "etxekoentzat" baino ez da izan, korrikalari gutxi izan direlako. Azkenean, animaliek 02:34 minutu behar izan dituzte ibilbidea egiteko, eta ez dute aparteko gorabeherarik eragin Iruñeko kaleetan izan diren bitartean. Aurtengo entzierro bizkorrenetakoa izan da.

San Ferminen babesa eske korrikalariek hiru aldiz abestu eta gero, animaliek aldapan gora egin dute 08:00etan, eta garbi egin dute topo lasterkariekin Santo Domingon. Taldea luzatu egin da lehen tarte horretan, eta atzean zegoen zezenetako bat eskuinera begira egon da. Bazirudien entzierro arriskutsua izango zela, baina azkenean animalia jendeaz ahaztu da eta aurrera egin du bere anaiei jarraiki.

Udaletxeko plaza pasatu eta gero, taldeak garbi egin du Mercadereseko bihurgunea, eta Estafetan barrena egin du. Korrikaldi ikusgarrienak kale honetan egin dituzte, zezenek lana zaildu badute ere. Pilatuta korritu dute, baina adarrak bilatu nahi izan dituenak topatu egin ditu, eta animaliek ez dute inor harrapatzeko asmorik izan.

Telefonican animalia bat erori da eta, beraz, taldea zatituta geratu da. Dena dela, atzean geratu den zezenak ez die kasurik egin korrikalariei, eta berriro ere anaien parean jartzeko presa zuela zirudien.

Behin plazan, lehen taldea zuzenean sartu da ukuiluetan. Azkena sarrarazteko kapoteak erabili behar izan dituzte, baina ez du aparteko arazorik eragin.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta