JAIAK

Musikaz blai datoz Sanferminak

2008/07/04

Igande honetan hasiko dira Sanferminak eta aurtengo jaien egitaraua 484 ekitaldiz egongo da osatuta. Urte honetan, Nazioarteko taldeen kontzertuek aurreko urteetan baino garrantzi handiagoa izango dute.

Gaztelu plazak Fundación Tony Manero taldearen emanaldia hartuko du uztailaren 6an. Hurrengo egunean, Nacha Popen txanda izango da, uztailaren 8an The Commitments (Irlanda) arituko dira, 9an The Cavern Beatles (Liverpool), 10ean La Habana de Noche (Kuba), 11n Los Fabulosos Cadillacs (Argentina), 12an Chuck Berry eta Lord Byron (AEB) eta, azkenik, hilaren 13an Pastora.

Euskal taldeen kontzertuak Takonerako parkean izango dira aurten. Tapia eta Leturia (uztailak 7), Amaren Alabak (hilak 10), Esne Beltza (hilak 11) eta Anestesia (hilak 12) dira urte honetako sanferminetan joko dutenak.

Uztailaren 6tik 13ra bitartean, rock kontzertuak hartuko ditu Foruen plazak. Uztailaren 6an, Marky Ramone eta Las Culebras igoko dira eszenatoki gainera, uztailaren 7an Xhelazz eta Blue Kapon eta Leyenda Urbana, hilaren 8an Hamlet eta Vortex, hilaren 9an M-Clan eta Mr.Fylyn, uztailaren 10ean Momo eta Sin dirección, hilaren 11n Dikers eta Sueños Rotos, hilaren 12an Obus eta Motobomba eta uztailaren 13an FF Guns eta A quemarropa.

Konpainia plazan jazza entzuteko leku bihurtuko da uztailaren 8tik 11ra arte. Horrela, uztailaren 8an Mauri Sanchis Banden musikaz gozatu ahal izango da, hilaren 9an Pirineos Jazz Orchestra arituko da, hilaren 10ean Jerez-Texas eta hilaren 11n, berriz, The Saxophone Summit.

Sanferminetan Iruñeko Ganbara Koralak uztailaren 8an Gayarre antzokian eskaintzen duen kontzertuaz gain, urte honetan, Pablo Sarasateren heriotzaren mendeurrena dela eta, Iruñeko konpositorearen musikaren inguruko emanaldi bat antolatu dute uztailaren 10erako; Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Denis Goldfeld biolinista bakarlariak emango dute kontzertua, Rolf Guptaren zuzendaritzapean.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta