2008/07/04
Josu Jon Imaz EAJren Euzkadi Buru Batzarreko buru ohia Petronor findegiko presidente izendatuko dute gaur, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.
Enpresako Administrazio Kontseiluaren bileran izendatuko dute Imaz Pedro Fernandez Frial egungo presidentearen ordezko.
Imaz Europar Parlamentuan diputatua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua eta Jaurlaritzako bozeramailea izan da EBBko presidentetzara (2004) heldu aurretik. Orduan, Joseba Egibar izan zuen aurrez aurre, Xabier Arzalluzen babesa zuena. Askok subiranotasuna helburu dutenen eta itunen aldekoen arteko lehia bezala aurkeztu zuten hauteskunde prozesua.
Imazek Bizkaiko EAJren babesa (alderdiaren sektorerik boteretsuena) izan zuen, baita Nafarroakoarena ere, baina hautagai bien arteko "borrokak" oraindik itxi ez diren zauriak eragin zituen alderdiaren baitan.
Geroztik, subiranotasuna alde batera utzi eta partekatutako subiranotasunari eta akordio transbertsalei buruz ez ezik, Espainia "erakartzeaz" ere hitz egiten hasi zen EBBa.
Mezu horiek ezinegon nabaria eragin zuten alderdian, subiranotasunaren aldekoen artean. Bien bitartean Espainiako Estatuan, politikari ugariren laudorioak jaso zituen, PSOEren aldetik batez ere baina baita PPtik ere.
ETAren aurka erakutsitako jarrera irmoa da euskal politikari utzitako ondarerik nagusienetakoa.
Petroleos del Norte S.A.
Petróleos del Norte, S.A. 1968an sortu zen Bilbon petrolioa fintzeko eta petroliotik eratorritako produktuak merkaturatzeko. Akziodunen gehiengoa Repsol YPFk (%85,98) eta Bilbao Bizkaia Kutxak (14,02%) dute.
Muskizen, Abanton eta Zierbenan ditu instalakuntza nagusiak Petronorrek eta 2007an 294,6 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen, aurreko urtean baino %17,4 gehiago.