2008/07/01
Guardia Zibilak Jose Antonio Jainaga Sidenor siderurgia enpresako kontseilari ordezkaria atxilotu du gaur goizean Bilbon, konpainia horrek ETAri dirua ordaindu dion ikertzeko, albiste agentziek iragarri dutenez terrorismoaren aurkako iturriak aipatuta. Atxiloketa 08:00ak aldera izan da, enpresak adierazi duenez.
Poliziaren bulegoetan dago eta Madrilera eramango dute. Galdetutako iturrien arabera, baliteke enpresaburua aske geratzea datozen orduetan, deklaratu ondoren.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak enpresaburuaren etxebizitza miatzea agindu zuen, eta Guardia Zibilak, topatutako informazioa jarraituta, Jainaga atxilotu du, iturri juridikoen arabera.
Atxiloketa Francisco Javier Lopez Peña Bordelen, maiatzaren 21ean, atxilotutako ETAko ustezko buruzagiari aurkitutako dokumentazioaren ondorio da. Operazio horretan hiru lagun gehiago atxilotu zituzten.
90 hamarkadako amaieran Jainaga Sidenorren sartu zen eta une horretatik hona kontseilari delegatua izan da.
Sidenorren proiektuarekin bat egin baino lehen, Michelin enpresako merkataritzako ibilgailuen saileko zuzendari nagusia izan zen.
Sidenorreko eledunek Jainaga "erabat zintzoa" dela azpimarratu dute. Gainera, Euskadira etorri baino lehen Michelin frantziar multinazionalean kargu goren bat utzi zuela gogorarazi dute.
Garzonek aginduta atxilotzen duten hirugarren euskal enpresaburua da Jainaga. Aurretik Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño Azpiroz ahizpak atxilotu zituzten Orion, ETAri dirua ordaintzea egotzita, eta espetxean daude. Egotzi dietena errefusatu dute Bruño ahizpek.