ANV ETA EHAK-REN AURKAKO EPAIKETA

Ez dago frogarik ANV ETArekin lotzeko

2008/06/18

Hain zuzen ere, alderdi abertzalea ETArekin, KASekin edota EKINekin lotzeko frogarik ez dagoela aitortu du Poliziako aditu batek, defentsak deituta.
ANVren defentsako abokatuak. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

ANVren defentsako abokatuak. Argazkia: EiTB

Auzitegi Gorenak EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko saioekin aurrera jarraitu zuen atzo, Poliziako adituen deklarazioekin.

Atzoko saioan, lekuko bezala deitutako aditu batek aitortu egin zuen Poliziak ez duela frogarik EAE-ANV ETArekin, KASekin edota EKINekin lotzeko.

Beste agente bat bide beretik mintzatu zen astelehenean, aitortu baitzuen alderdi horrek ez diola ordainketarik egin Batasunari.

Atzo, dena dela, agenteek euren argudioei eutsi zieten, eta EAE-ANV eta EHAK Batasunarekin lotuta daudela ziurtatu zuten. Hori horrela, Batasuneko Mahai Nazionala atxilotu zutenean, EHAK-ko kontu-korronteak "hustu" zituztela esan dute, blokeatuko zituzten beldur omen baitziren.

Gainera, Batasunaren laguntzarik gabe EAE-ANVk ezinezkoa izango zuela hauteskundeetan aurkeztu zituen zerrendak egitea ziurtatu zuten.

"Sinesgarritasunik gabeko" frogak

Beren partez, alderdi abertzaleon defentsek salatu zuten Poliziako adituen frogek ez dutela sinesgarritasunik. "Saioetan argi utzi dute euren tesia berresteko eman dituzten datuak arbitrarioak direla", gaineratu zuten.

Horren adibide, Kepa Landa abokatuak eta agente batek izandako hizketaldia EHAKren kontu-korronteei buruz. Izan ere, Aldundiek dirua eman diotela deklaratu zuen poliziak.

"EHAK ez da inoiz Batzar Nagusietarako hauteskundeetara aurkeztu, ez du inoiz batzarkiderik izan Bizkaian, Gipuzkoan ezta Araban ere. Orduan ba, noiz jaso zuen Aldundien dirua?, galdegin zuen abokatuak. Ez duela gogoratzen erantzun zion agenteak.

Gaur goizean deklaratzen jarraituko dute Poliziako adituek. Ostegunetik aurrera, lekukoen txanda izango da. Besteak beste, Joseba Egibar eta Rafa Larraiena politikariek hitz egingo dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta