2008/06/16
EHAK legez kanpo uzteko salaketaren oinarria den txostena idatzi duen Poliziako adituetako batek onartu egin du ez dagoela "datu zehatzik" EHAKren eta Batasunaren harreman ekonomiko zuzena frogatzeko.
Hala agertu du behintzat aditu moduan deklaratu duen agenteak Auzitegi Goreneko 61. Aretoko epaileen aurrean. Aste osoan egingo dituzte auzi publikoak adituen eta lekukoen frogak aurkezteko Fiskaltzak, Estatuaren abokatuak, ANVk eta EHAK-k eskatuta (horiek legez kanpo uzteko epaiketan).
Agente adituetako batek azaldu duenez, nahiz eta EHAK-k zuzenean Batasunari ordaindu egin diola frogatzeko "datu zehatzik" ez egon, alderdiak ordaintzen zituen "pertsona indibidualen" ordainketak badaude.
Alderdiaren egoitza batean aurkitutako fakturetan oinarritu dira hori ondorioztatzeko: "Argi dago faktura horiek gordetzen badira ordaintzeko asmoa dagoelako dela".
Ordainketa horien artean, Batasunak prentsaurrekoak emateko erabiltzen zuen areto baten alokairua, Batasunan nazioarteko ardurak zituztenen bidaien ordainketak eta Jokin Gorostidi HBko militante historikoaren hiletaren gastuak egongo lirateke.
Gainera, adituak zehaztu duenez, EHAKren kontuetatik 27.000 euroko transferentziak egin ziren Batasuneko kideei zuzenduta eta nazioartean ere 8.000 eta 12.000 euro arteko diru-ordainketak egin ziren legez kanpoko alderdiari lotutako kontuetara.